Enpresa berriak sortzeko funts bat eratu dute Adegik, Geroak eta Elkargik

Geroak 'start-up'-en kapitalean parte hartuko du, eta Elkargik maileguen bermearekin lagunduko die gero. Azaroan jarriko da abian

Metaleko sektoreko Gipuzkoako langileen aurrezkia kudeatzeko sortu zen Geroa BGAE erakundea. L JAUREGIALTZO / ARP.
Irune Lasa.
2016ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Adegirena izan zen proposamena, eta, sindikatuen oniritziarekin, Geroaren iraileko gobernu batzordean onartu dute: Gipuzkoan urtero hamar-hamabost start-up sortzen lagunduko du Geroak, haien kapitalean parte hartzeak izateko inbertsioa eginez. Ez hori bakarrik; ondoren, Elkargiren laguntza ere izango dute Geroak eta enpresek, baldintza oneko epe luzerako maileguak bermatuko baitizkie. Azaroan jarriko da funtsa martxan, eta, orotara, urtero bost milioi eurotik gora joango dira laguntzetara, Geroak eta Elkargik adostutako akordioaren arabera.

Kapitalean parte hartzeko 50.000 euroko muga izango du Geroak proiektu bakoitzeko, eta epe luzerako —hamar urtera arte— 500.000 euro arteko maileguakeman ahalko ditu. Mailegu horiei bermea emateko, ElkargikCERSA eta Europako Inbertsio Funtsaren sostengua izango du.

Atzo aurkeztu zuten funtsa hiru erakunde bultzatzaileek: Adegik, Geroak eta Elkargik. «Egun handia da Gipuzkoarentzat», esan zuten: «Gipuzkoako kapital pribatua da, enpresena eta langileena, Gipuzkoan garatzen diren proiektuetara bideratzen dena. Gipuzkoako dirua Gipuzkoako proiektuetarako». Gipuzkoan balioa sortzeko xedea dutela azpimarratu zuten hiru erakundeek, baita konpainia berriei emango dizkieten inbertsio tresnak guztiz pribatuak direla ere.

Atzo aurkeztutako funtsa hainbat aldetatik egindako aldarriaren adibide zehatza izango da. Izan ere, gero eta gehiago dira diotenak euskal aurrezkiek ere parte hartu behar dutela finantzaketa edo inbertsio beharrean dauden euskal enpresei laguntzen; horien artean daude Confebask patronala eta EAJ eta EH Bildu alderdiak.

Zehatzago, euskal aurrezkiaz ari direnean, euskal langileek erretiroa hartzen dutenerako aurreztua duten diruaz ari dira, hots, BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeek kudeatzen duten ondareaz. Geroa Pentsioak da BGAE horietako bat. Eta bere ondarearen zatitxo bat, hain zuzen, enpresa berriak laguntzeko inbertsiora bideratuko du orain.

1.800 milioi euroko ondarea kudeatzen du Geroak, eta, haren kudeatzaile Virginia Oregik atzo ziurtatu zuenez, «jakinekoa da» ekinbide honen arriskuen ebaluazioa egin dutela, eta erakundeak argi dauka zein den bere gain hartuko lukeen balizko gehienezko galera. Gogoratu zuen Geroaren egitekoa pentsio publikoak osatzea dela, eta haien lana «eraginkortasun arrisku» irizpidepean egiten dutela.

Laguntza nahi duten proiektuek gehienez hiru urteko antzinatasuna izan behar dute. Funtsa eskuratzeko, hainbat sarbide izango dituzte Geroara zuzenean jotzeaz gain; hala, unibertsitateak eta garapen agentziak ere izan daitezke laguntzetarako sarrera moduak. Eragileek balio kate osoa landu nahi dute start-up-en sorreratik laguntza tekniko eta finantza laguntzetara arte, garapenerako eta hazkunderako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.