Hiru enpresa publikotik bi kenduko ditu Nafarroako Gobernuak. Gaur egun Nafarroan diren 38 sozietate publikoetatik 13ra murrizteko plana onartu du gobernuak, eta orain egitasmo hori Parlamentura igorriko du. Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak argudiatu du jaitsiera horren bidez nahi dutela «eraginkortasun handiagoa», sozietate publikoek gobernuaren sektore politikekin bat egiten jarraitzea, kostuak jaistea eta baliabideak gutxitzea eta zentralizatzea. Modu horretan, gobernuak egin duen kalkulua da 2010etik 2013ra bitartean 55 milioi euro gutxiago gastatuko direla. Mirandaren arabera, iazko aurrekontuarekin alderatuta, 2013an 28 milioi aurreztuko dira.
Nahiz eta planak orain Parlamentuan bere bidea egin behar duen, ez da espero oposizioak traba handirik jartzea. Izan ere, gaur egun, 38 sozietateok biltzen dituen Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioko administrazio kontseiluak planari bere oniritzia eman dio aho batez. Kontseilu hori gobernuko hiru kidek, enpresa eta unibertsitate munduko beste hiruk eta Parlamentuko alderdietako beste hiru kidek —PSNko Anai Astiz eta Judith Hualde eta Nafarroa Baiko Koldo Amezketa— osatzen dute. Horrek esan nahi du hala PSNk nola NaBaik ondo ikusten dutela sozietateak murriztea.
Hala ere, bai PSNk bai NaBaik lehenago ez egitea aurpegiratu diote UPNri. Izan ere, egitasmo hori UPNk 2007ko hauteskunde kanpainan egindako promesa da, eta legealdiaren hondarrean baino ez du beteko. Horregatik, azalpenak emango ditu Mirandak abenduaren 29an Parlamentuan.
Diru sariak, bere horretan
Nahiz eta 55 milioi aurrezteko asmoa izan, sozietateetako administrazio kontseiluetako kideek diru sariak jasotzen jarraituko dute. Kontseiluotako kide izan ohi dira gobernuetako kontseilari eta goi karguak, eta bileretara joateagatik sari bat kobratzen dute. Iazko datuen arabera, 970.000 euro banatu ziren sarietan. Sozietateak %66 gutxituta, 2012an %60 egingo dute behera sariek. Hala ere, 398.000 euro jasoko dute 13 sozietateetako kontseilariek.
Enpresa publikoen bi heren kenduko ditu Nafarroak
Gobernuak sozietate kopurua 38tik 13ra jaitsi nahi du, 2013a bitarte 55 milioi aurrezteko asmoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu