«Egoera konplexuz betetako urte zaila» izan da iazkoa Bizkaiko metalgintzarentzat, azaldu du Tamara Yague FVEMeko presidenteak. Egoera gorabeheratsuaren ondorioz, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak inoiz baino kontsulta gehiago jaso ditu pandemiaren lehen urtean, eta hainbat informazio zirkular plazaratu behar izan ditu. FVEMk gaur egingo du bere urteko batzarra.
Federazioak, halaber, arloko 300 enpresatan (15.000 enplegu inguru) egindako koiuntura inkesta berria aurkeztu du. Haren arabera, Bizkaiko metalgintzan geldotu egin da jardueraren suspertzea, baina konpainiek uste dute laster hobetuko dela joera, betiere txertaketa kanpainaren arabera.
Dena den, batzuk beste batzuk baino hobeto dabiltza. Bizkaiko metalgintzako enpresen %44k iazko azken hiruhilekoaren pareko jarduerarekin jarraitzen dute, eta %20 uste baino hobeto dabiltza. Hala ere, konpainien herenek ikusten dute beren merkatua atzeraldian edo atzeraldi gogorrean.
Enpresen erdiek uste dute urtebetetik gora beharko dutela jarduera erabat leheneratzeko. Oraindik ere, konpainien %54k diote euren eskari zorroa ahula edo oso ahula dela. Yaguek kezkatuta azaldu du enpresa txikiak ari direla kirisa okerren pasatzen, hamar langilez azpikoak; «txosten guztian ikusten da enpresaren neurriaren eta adierazleen arteko erlazio hori; zenbat eta handiagoa enpresa, parametroak positiboagoak dira».
Enpresen kezka nagusien artean, Espainiako merkatuaren ahultasunak hartu du lehen postua, baina aspaldian agertu ez den arrangura bat ere agertu da, lehengaien kostuei eta hornikuntzari buruzkoa. Errentagarritasun txikiak hor dirau, azken urteetan bezala enpresen kezkabide handienen artean.
Datu on bat enpleguan
Pandemia hasi zenetik lehen aldiz, gehiago dira langile taldea handitzeko asmoa duten enpresak (%16) kaleratzeak aurreikusten dituztenak baino (%12,5). FVEMeko presidenteak gogoratu du urte hasieran sektorean 500 lanpostuko galera aurreikusi zutela, baina hobekuntza arin bat ikusi du Gizarte Segurantzaren martxoko emaitzetan, 206 afiliatu gehiago zenbatu baititu.
Beste aldagai batek ere lausotzen ditu enpleguari buruzko irakurketak: urteko lehen hiruhilekoan Bizkaiko metaleko enpresen %17k zuten enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteren bat indarrean. Bigarren hiruhilekoan halako erregulazio bat eskatzeko aukera zabalik zeukaten beste %10,7k.