Enpresak «iruzur» egin diela adierazi dute Arfeko 157 langileek

Nahiz eta enpresak nafarrei milioi bat euro zor dien, Gobernuak ezer ez egitea gaitzetsi dute

joxerra senar
Altsasu
2011ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
«Dena oso azkar joan da». Arfe Altsasuko enpresak hartzekodunen konkurtsora jo zuen martxoaren 4an, martxoaren 10ean administratzaile judizialek hartu zuten enpresaren lema, eta hilabete baten buruan, asteon, erabaki dute ixtea. Ondorioztatu dute enpresak ez duela bideragarritasunik. Atzo, 157 langileek Isabel Aznarjabea eta Ramon Arza gerentea egin zituzten «egoeraren erantzule nagusi». Nafarroako Gobernuari, berriz, ezer ez egitea aurpegiratu zioten: «Enpresa honek milioi bat euro zor die nafarrei, eta gobernuak ez du ezer egin».

46 urtez buzoiak, kutxa gotorrak, kutxazainak eta burdindegiko produktuak ekoitzi ditu Arfek, eta itxierak berriro ere Sakanari erasan dio. 157 langileak aintzat hartuta, Sakanan 1.700 langabe daude. Hain justu, eskualdean duten desindustrializazioa salatzeko, gaur, Iruñean, 17:00etan manifestazioa irtengo da autobus geltokitik. Arfeko langileek babesa adierazi diote deialdi horri.

Atzo, Luis Victor Rodriguez langileen batzordeko presidenteak gogora ekarri zuen 2009tik hiru lan erregulazio espediente ezarri dizkietela langileei, baina Arfek inoiz ez duela bideragarritasun planik aurkeztu. Iazko maiatzean, Ramon Arza gerenteak enpresa salbatzera deitua zegoen proiektu nagusia, «makina lehorgailu eta lisatzailea», aurkeztu zuen, eta Nafarroako Gobernuak 600.000 euroko laguntza eman zion. Produktua, baina, ez zen inoiz merkaturatu, poliziak zigilatu zuelako «patenteekin arazoren bat zegoelako».

Rodriguezen ustez, langileei ez ezik, Nafarroako Gobernuari ere iruzur egin dio enpresaburuak. Enpresak langileei udako aparteko ordaina ez zien eman, eta urritik soldatarik ez dute jaso. Geroztik, lan gatazkan dira. Langileek atzo salatu zuten gobernura konponbide eske jo zutela, baina Jose Maria Roig lan kontseilariak «babesik gabe» utzi dituela. Konkurtso legea ezartzea edo kontratuak etetea beste irtenbiderik ezematea gaitzetsi dute.

Langileen arabera, itxierak erakusten du administratzaileek espero baino zor handiago topatu dutela kontuetan. Hurrengo asteetan txosten bat igorriko dute, eta, edukiaren arabera, batzordeak auzitegietara jotzea aztertuko du. Fogasa arduratuko da langileei atzeratutako soldatak eta kalte-ordainak pagatzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.