Enpresei lehenago emango dizkie laguntzak Jaurlaritzak

Deialdi guztiak aurreneko seihilekoan egin nahi dituztela dio Idoia Mendia bozeramaileak

Erredakzioa
Gasteiz
2009ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak enpresentzako diru laguntzen politika aldatu nahi du. Idoia Mendia bozeramaileak azaldu duenez, laguntza guztien deialdiak urteko lehen seihilekoan egingo ditu, ebazpenak ere lehenago emateko. Horrela, enpresek arinago jakingo dute Administrazioaren partetik zein laguntza izango duten. Atzo bertan, Saiotek, Etortek, Gaitek eta Bideratu programek biltzen dituzten hainbat laguntza iragarri zituen Gobernu Kontseiluak, Industria sailak eskatuta. Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian agertzean jarriko dira indarrean. Ikerketa, garapena eta berrikuntza bultzatzeko dira horietako gehienak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean sartuta dauden eragileek eskatu ahal izango dituzte Saiotek programako laguntzak. 2010ean bost milioi euroko aurrekontua edukiko du programak, eta 2011n bederatzi milioikoa. Laguntzak eskatzeko epea apirilaren 30ean amaituko da.

Etortek programan, ikerketa estrategikorako laguntzak emango dituzte. 28 milioi euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak. Dirua, ordea,hiru urtean banatuko da. Zortzi milioi banatuko dizkie enpresei datorren urtean, hamar milioi 2011n eta beste hamar 2012an. Apirilaren 15erako aurkeztu beharko dira eskaerak.

Berregituratzeko laguntzak

Gaitek programak ikerketa, garapen eta berrikuntza bidez enpresen lehiakortasuna hobetuko duten produktuak sortzeko laguntzak biltzen ditu. 31 milioiko aurrekontua du, eta enpresa, fundazio nahiz enpresa elkarteek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 2an amaituko da, eta ebazpenak abenduaren 31rako emango ditu Jaurlaritzak.

Azkenik, Bideratu programak krisian dauden enpresak berregituratzea du helburu. Dirua aurreratuko die Jaurlaritzak, industria eta finantza arloko neurriak hartzeko. Uztailaren 31ra arteko epea edukiko dute laguntzak eskatzeko. Zazpi milioi euro erabiliko dituzte programarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.