Enpresak

Enpresek ezkor jarraitzen dute ekonomiaren egoerarekin

Laboral Kutxaren inkestaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresen %34,1ek uste dute okerrera egingo duela.

Langile talde bat, Bilboko portuan dagoen enpresa batean. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2023ko azaroaren 8a
14:44
Entzun

Ez hotz, ez bero. Epel dago oraindik ere Eusko Jaurlaritzak hazkundeari buruz egiten duen ekonomiaren termometroa. Bada, erdiko eremu horretan segitzen du enpresen aldarteak ere, Laboral Kutxak hiru hiletik behin egiten duen enpresarien konfiantzari buruzko inkestak islatzen duenez. Oro har, baikor daude jarduerari dagokionez, baina ez dira desagertu oraindik motelaldiak eragindako zalantzak eta kezkak.

Izan ere, urteko azken txanpari begira, aurreko hiruhilekoan baino ezkorragoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresa arduradunen ikuspegia. Egoera pixka bat okertuko dela aurreikusi dute: soilik %8,8k uste dute ingurune ekonomikoak hobera egingo duela, eta %34,1ek iritzi diote okerrera egingo duela. Ia bost puntu jaitsi da lehenengoa, eta zortzi puntu egin du gora bigarrenak.

Aldiz, ikuspegi apur bat baikorragoa dute fakturazioari dagokionez, aurreko inkestarekin alderatuta. Zehazki, %27,3k uste dute fakturazioak hobera egingo duela, eta % 19,5ek uste dute okerrera egingo duela. Egoera antzekoa izango dela iritzi diote % 53,2k.

Jarduerari dagokionez, %64,4k uste dute ez dela aldaketarik egongo, eta %21ek okerrera egingo duela. Laginaren %14,5ek baino ez dute uste hobera egingo duela.

Aldagai horien emaitzak ikusita, Laboral Kutxak azpimarratu du inkestaren gakoak ulertzeko ezinbestekoa dela salmenta kopuruari eta prezioari begiratzea. Izan ere, emaitzek erakusten dute biak hobetzeko aurreikuspen argia dagoela, eta, moteltzeak moteltze, ez dela deskalabru handirik espero datorren urtearen hasierako lehen hilabeteetan bederen.

Izan ere, galdetutakoen %56,7k uste dute ez dela aldaketarik egongo eskaeren bolumenean, eta %23,4k iritzi diote hobera egingo duela. Enpresen %20k uste dute kontratu berri gutxiago egingo direla.

Prezioei dagokienez, berriz, %71,7k uste dute bere hartan mantenduko direla, eta %16,1ek erantzun dute gora egingo dutela. Soilik %12,2k iritzi diote jaitsi egingo direla.

Inbertsioak eta enplegua

Laboral Kutxak ohartarazi du enpresen ikuspegia ezkorra dela oraindik eta enpresek ez dutela inbertsioak egiteko asmorik; soilik %14,6k espero dute handitzea.

Bankuen finantzaketari buruz, %73,7k iritzi diote eskuragarritasuna ez dela aldatu azken urtean; kontrakoa uste dute %18,5ek.

Enpleguari dagokionez, inkestan parte hartu duten hamar enpresatik zortzik uste dute datorren urteko lehen hiruhilekoan mantendu egingo dela. %9,3k iritzi diote langile kopurua handitu egingo dutela, eta kontrakoa erantzun dute %10,7k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.