Enpresetako lan itunetan zentratzea eskatu du ELAk

Sektorekako hitzarmen probintzialak, ordea, «kasuz kasu» aztertu beharko direla esan du sindikatuak

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Enpresako hitzarmenak bultzatzea, horixe izango da ELAk datozen hilabeteetan negoziazio kolektiboaren arloan hartuko duen jarrera. «Arloz arloko hitzarmenak gaur egun ez dira bete beharrekoak, gomendioak besterik ez dira», esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Hori dela eta, indar handien duten itunak enpresaz enpresakoak izango direlako, indarrak hor metatuko dituzte negoziazio kolektiboa enpresaz enpresa zabaltzeko.

Joan den astean, Gipuzkoan papergintzako lan ituna sinatu zuen ELAk, baina ez du halako askoz gehiago espero. Kasuak «banan-banan» aztertu beharko dituztela esan du Muñozek. Papergintzan, «erosteko ahalmena bermatu dugu langileen artean, eta lan erreformari hainbat zuzenketak bildu dizkiogu».

Lanbide arteko itunetan, ordea, ELAk ez du parte hartuko. «Era horretako akordio batekin patronalak onarpen soziala besterik ez du lortu nahi, eta gure aldetik, bederen, ez du horrelako ezer lortuko», esan du.

«Sindikalismoak bere sustraietara itzuli beharra dauka», esan du Muñozek. Hau da, enpresaz enpresa antolatzera eta hor negoziatzera. «Sindikalismoa ez baldin badago enpresetan oinarrituta, ez baitu ezertarako balio, eta ez du defenditzeko aukerarik izango».

Ultraaktibitatearen muga

Enpresaz enpresako hitzarmenak lortzeko epea jarrita dago: 2013ko uztailaren 7a. Egun horretan beteko da urtebete azken lan erreforma martxan jarri zenetik. Araudi berriaren arabera, epetik kanpo dauden hitzarmenak berriz ituntzeko urtebete izango dute. Egiten ez duten enpresetan eta sektoretan «egoera zaila» izango dela aurreratu du Joseba Villarreal Negoziazio Kolektiboko arduradunak.

Enpresako hitzarmenik izanezean, lurralde mailakoak izango luke garrantzia. Eta halakorik egon ezean, «zantzu guztien arabera», langileen estatutuen araberakoa izango litzateke ituna, ELAko ordezkarien esanetan. Egoera horretara iritsi baino lehen enpresaz enpresa mobilizatzea izango da bidea, Muñozen arabera. «Lan erreforma geldiarazteko modu bakarra enpresako negoziazioa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.