Enplegua

Enpresetan adinak oztopo izateari utzi eta aukera izan behar duela dio Mendiak

Adina kudeatzeko tresnak biltzen dituen gida bat sortu du Lan eta Enplegu Sailak. Lan egiteko adinean dauden guztiei aukera berberak bermatzea da asmoa.

Adina kudeatzeko tresnen gida aurkeztu du gaur Idoia Mendiak, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko ekainaren 21a
14:49
Entzun

Gaur egun, 100.000 pertsona baino gehiago ari dira lan bila Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, horietako askok 50 urte baino gehiago dituzte. Beste hainbat langile, gainera, beldur dira enplegua galduko ote duten aldaketatara egokitu ezean. «Beldur horren arrazoi bakarra adina da», zehaztu du Mendiak. Hori dela eta, adin desberdinetako pertsonei lan aukera berak bermatzeko, Adinlan gida sortu du Lan eta Enplegu Sailak. «Enpresek, euren langileen adina oztopo bihurtu beharrean, aukera bezala ikusi behar dute».

«Aukeren berdintasuna bermatzea da Adinlan-en helburua, diskriminaziorik gabe eta adinagatik inor kanporatu gabe», azaldu du Mendiak gidaren aurkezpenean. Belaunaldien arteko bizikidetza profesionala sustatu nahi dute, ezagutza eta trebetasunak elkarri transmititzeko. Besteak beste, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030 plana jaso dute gidan; eta Lanbide Hobetzen programa ere bai, enplegu zerbitzu publikoa eraldatzeko prozesu sakona. Gida irekita dago; hau da, sortu ahala, tresnak gehituko dituzte.

Adina kudeatzeko beste arrazoi sendo bat azpimarratu du Enplegu sailburuak: «Azken hamalau urteetan, 85.000 pertsonak erretiroa hartu dute, eta Gizarte Segurantzaren datuen arabera, hurrengo bost urteetan beste 100.000 lagunek hartuko dute». Hori dela eta, Mendiak uste du enpresa guztiek tresnen berri izan behar dutela, egoerari irtenbiderik onena eman diezaioten eta belaunaldien arteko transmisioa bermatu dezaten.

Era berean, pandemiako krisiaren aurreko datuekin alderatuta, Mendiak azaldu du 55 urtetik gorako pertsonen taldea izan dela galdutako lana errekuperatu ez duen bakarra. «30 urte baino gutxiago dituztenen artean, langabeziak %54 egin zuen gora 2020ko otsail eta abuztu bitartean, baina aurtengo maiatzean, langabezia tasa krisiaren aurrekoa baino %12 apalagoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.