Jokin Arbeloa. ELAko metal saileko kidea

«Epaiak ez du ekarri auziak langileei eragin dizkien kalteen konponbidea»

Iruñea
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroako ELA sindikatuko metal saileko ordezkaria da Jokin Arbeloa. Bost urteotan kanporaturiko Koxkako langileen auzian murgilduta ibili da. Adierazi duenez, kontent daude, baina epaiak zapore gazi-gozoa utzi die ELAko kideei.

Nola hasi zen gatazka?

2009 urtean enpresak lan erregulazio espediente bat aurkeztu zuen, baina negoziazio epean ez zen adostasunik erdietsi. Garai horretan, gaur egun ez bezala, espedienteok aplikatu zitezen lan agintaritzak onartu behar zituen. Nafarroako Lan Departamentuak, noski, ezin zuen 275 langile kanporatzen zituen espedienterik onartu. Ondorioz, bilera batzuk bultzatu zituen sindikatuekin ados jartzeko.

Iruñeko eta Azkoiengo lantegietako langileek erregulazio espedientea bozkatu zuten, eta gehiengoak ezezkoa eman zuen. Hala ere, CCOOk eta UGTk, estatu espainiar osoko emaitzak kontuan izanda, eta bertako langileen hitzari muzin eginez, baietza eman zioten, 275 beharginen kaleratzeak onartuz.

Zer esan nahi du zuentzako epaiak?

Guretzat, guztia balio ez duela egiaztatzen duen garaipen sindikala da. Koxkari eta gainerako enpresei erakutsi diegu ezin direla oinarritu diskriminazio sindikalaren jardunbidean, legeak hein handi batean haien alde dituzten arren.

Hala eta guztiz ere, gure iritziz, ez du ekarri eragindako kalteen konponbidea. Langileek eta euren familiek jasan behar izan dutena eta auziak eragin dizkieten kalte emozionalek ez baitute preziorik. Horrez gain, oraindik badira hainbat kide berriz onartuak izatea erdietsi ez dutenak, LAB sindikatuko kideak hain zuzen ere. Horrenbestez, alde batetik, pozik gaude, epai honen bidez gure sindikatuko langileek pairatu zuten diskriminazioa gainditu delako. Baina, beste aldetik, azpimarratu beharra dago oraindik ez dela erabateko justiziarik egin, zenbait kide baztertuta baitaude oraindik, berriz onartuak izan gabe.

Zer espero duzue enpresaren aldetik aurrerantzean?

Ziur gaude hemendik aurrera ez dela honen antzeko kasurik berriz gertatuko Koxkan, ezta inguruko enpresetan ere. Espero dugu zuzenbide estatu demokratiko batean, gurearen moduko bate nerako eskubidea errespetatuko direla.

Egun, zein da espedientea sinatu zuten CCOO eta UGTren jarrera Koxkan?

Epaiaren arabera, irregulartasun egoera bat egon zen, eta bazterkeria sindikala jazo izandako susmo sendo eta irmoak zeuden. Gaur arte, CCOO eta UGTren aldetik isiltasuna besterik ez da egon, nahiz eta aunitzetan eskatu diegun kaleratutako langileak berriz onartzearen eta enpresak sententziak betetzearen alde ager daitezen. Alta, haien erantzunik ez dugu jaso. Horrek agerian utzi du, hein batean edo bestean, jazotako gertakarien erantzule badirela. Azken finean, epaiak egiaztatu duen diskriminazioa ahalbidetzeko sinadura eskaini zuten. Isilik dagoenak baietz esan ohi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.