lan gatazka

Epaileak agindu du berriro hartzeko Laminaciones Arreguiko 79 kaleratuak

Enpresako zuzendaritzak "fede txarrez" jokatu zuela dio EAEko Justizia Auzitegiak, greba egindako langileei kalte egin nahi izan dielako.

Laminaciones Aguirre-ko langileek Gastezien eginiko manifestazio bat. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Iker Aranburu.
2015eko uztailaren 23a
15:21
Entzun

Berriro ere epaileekin egin du talka Celsa Atlantic enpresak. 2012ko urrian, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 174 langile kaleratzeko saioa eten zuen; orain, berriz, 79 langile botatzeko baimena ukatu dio. Epailearen arabera, bidegabeak dira kaleratzeak, enpresak "fede txarrez" jokatu zuelako, eta desberdin tratatu dituelako 2012an greba egin zuten langileak eta gainontzekoak. Epaia txalotu dute ELAk, LABek eta ESK-k, eta "langile klasearen duintasunaren adibidetzat" aurkeztu dute Celsa Atlanticeko —Laminaciones Arregui izandakoa— langileen borroka. 

Hiru urte luze bete ditu dagoeneko Laminaciones Arreguiko gatazkak, 2012ko apirilean hasi baitzen, enpresaren jabe Celsa Atlantic Kataluniako multinazionalak iragarri zuenean 91 langile bota nahi zituela Arabako bi lantegietan, Gasteizkoan eta Urbinakoan. Protesta, erregulazio espediente eta epaiz betetako gatazkak beste atal garrantzitsu bat bete zuen aurtengo apirilean, 79 langile botatzeko eskaera egin baitzuen zuzendaritzak. Atzo ELA, LAB eta ESK sindikatuek jakinarazitako epaian, baimena ukatu dio EAEko Justizia Auzitegiak. "Langileok aldarrikatu duguna puntuz puntu onartu du epaileak: kaleratutako langile taldearen aurkako mendekua dela espedientea, oinarrizko eskubideak bortxatzen dituela, fede txarra izan dela negoziazioetan...".

Azken erregulazioarekin, joan den urtarrilean lanera itzultzekoak ziren langileak bota nahi zituen zuzendaritzak. Behargin horiek hartzera behartu zituen Espainiako Auzitegi Goreneko epai batek, baina enpresak "legezko eta ez-legezko trabak" jarri dizkie lanera itzul ez daitezen. Sindikatu abertzaleen arabera, helburu jakin bat zuten kaleratze horiek: Arabako lantegietan CCOOk eta UGTk gehiengoa izatea.

Eskaera enpresari

ELAk, LABek eta ESK-k gogorarazi dute gehiengoari eusten diotela Gasteizen eta Urbinan, eta posizio horretatik negoziatzeko deia egin diete Laminacioneseko buruzagiei eta haien interesak babesten dituen Sagardoy abokatu bufeteari. "Utz dezatela inposizioaren eta mendekuaren bidea, eta negoziazioen bidez behingoz konpon dezagun gatazka hau, bideragarritasun plan baten bidez Arabako lantegiak produktiboak izan daitezen, beren langileek merezi dutelako". Eusko Jaurlaritzari ere eskatu dio "ahal duen guztia" egiteko Arabako plantetan dauden enpleguei eusteko.

Ekainaren amaieran, Auzitegi Gorenak bidegabetzat jo zuen Nando Anguiano (ELA) langile batzordeko buruaren kaleratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.