KUTXA

Epaileak ez du aintzat hartu EH Bilduk Xabier Iturberen izendapenaren kontra aurkeztutako salaketa

Koalizioak adierazi du epaileak forma kontuengatik baztertu duela demanda eta ez duela auziaren muinaz ebatzi. 2012ko azaroan izendatu zuten Kutxako presidente Iturbe, eta batzar hura auzitara eraman zuen EH Bilduk, irregulartasunak izan zirelakoan.

Xabier Iturbe, Kutxaren asanblada batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2015eko apirilaren 21a
21:28
Entzun

Koalizioak jakinarazi du Donostiako Lehen Instantziako Epaitegiko 8. Aretoak bertan behera utzi duela demanda. Epaileak argudiatu du salaketa "epez kanpo" aurkeztu zuela EH Bilduk: "Honen aurrean, argitu nahi dugu epaitegi batetik bestera izan zirela gure demandarekin. Prozesu judizialak baldintzatu du azken erabaki hori".

Gainera, koalizioak jakinarazi duenez, epaileak ebatzi du EH Bildu "ez dela nor" auzian. "Kutxako Batzar Nagusiaren erdia ez bada nor gai honen inguruan demanda bat aurkezteko, nork dauka ahalmen hori?", galdetu du. Hala ere, EH Bilduk nabarmendu du epaileak ez duela auziaren muina —izendapenean irregulartasunak izan ote ziren— aztertu. Iturberen izendapena "estatutuak bete gabe eta irregulartasun agerikoak" eginaz gauzatu zela uste du koalizioak.

Iskanbilatsua izan zen 2012ko azaroaren 21eko Kutxaren administrazio kontseilua. Bezperan, Kutxako hauteskunde batzordeak baliogabetu egin zuen eragile sozialen hautagaitza, Paul Bilbao Kontseiluaren ordezkariaren ordezkoak —Xabier Irazusta Alcer-eko ordezkariak— 70 urteko muga gainditzen zuelako. Iturberen taldeak uste zuen Bilbaok Antton Izagirre EH Bilduren presidentegaiaren alde egingo zuela. Haren ordez, Iturbek zuzenean DYAko Javier Barazea izendatu zuen eragile sozialen ordezkari. Kutxako presidentea izendatzeko bozketan, zazpi boto lortu zituen Iturbek —EAJ, PSE eta CCOO eta Pixkanaka sindikatuen ordezkarienak—, eta beste zazpi Izagirrek; Barazea abstenitu egin zen. Bigarren bozketan hautsi zen berdinketa, Iturberen aldeko kalitatezko botoa eman baitzuen mahaiko kide zaharrenak, Jacinto Hernandez PSEko ordezkariak (69 urte).

Epailearen aurrean lekuko gisa egindako deklarazioan, Iturbek zehaztu zuen ez zuela parte hartu Bilbaoren hautagaitzaren baliogabetzean, eta hauteskunde batzordeak aho batez hartu zuela erabaki hori. Barazea, berriz, erakundea ongi ezagutzen zuelako izendatu zuen, hainbat urtez izan zelako utxako giza baliabideetako arduraduna. Kutxaren abokatuak, Joanes Labaienek, Iturberen izendapena inpugnatzeko "legezko argudiorik ez izatea" egotzi zion EH Bilduri.

Koalizioaren izenean, Oscar Padura abokatuak frogatutzat jo zuen "irregulartasunak" izan zirela. Esaterako, ez abisatu izana Bilbaori bere ordezkoak ezin zuela hautagai izan, eta Hernandezi kalitatezko botoa aitortu izana, "arauek halakorik aurreikusi ez arren".

Labaienek oroitarazi duenez, epaileak salatzaileei arrazoi emanez gero, baliorik gabe gera litezke Iturbek Kutxako presidente gisa hartu dituen erabakiak, baina baita Kutxabankeko presidenteorde gisa hartutakoak ere, aurreko izendapenari lotuta baitaude. Kontua da, ordea, dagoeneko ez dela existitzen 2012ko Kutxa: hura aurrezki kutxa bat zen, finantza erakunde bat. Oraingoa, berriz, finantza erakunde baten —Kutxabanken— akzioen %33 dituen banku fundazio bat da. Hori bai: Iturbe da fundazio horren burua, sortu zenetik —2014ko urritik—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.