Epaileak Incoesa hustea baimendu du, eta beharginak zain daude lantegian

Etzi plantatik Lemoara joango den martxa baterako deia egin dute, «deslokalizazioari aurre egiteko»

Incoesako langileak, epaileak igorritako jakinarazpena irakurtzen, atzo goizean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Arnaitz Lasarte.
2013ko uztailaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Incoesa konpainiak Bedian (Bizkaia) duen plantako 53 langileek gero eta gertuago ikusten dute kale gorria. Lantegia husteko baimena eman du Durangoko auzitegiko gizarte arloko laugarren aretoko epaileak. Beharginek ohartarazi dute zuzendaritzak plantatik «une batetik bestera» eraman ditzakeela amaitutako eta amaitu gabeko ekoizpenak. Azken egunetan, hori eragozteko, lantegiko atarian egon dira langileak, gau eta egun, eta hala segituko dute datozen egunetan ere.Etziko manifestazio batera deitu dute, «deslokalizazioaren aurka». Lantegitik Lemoa arteko bidea egingo dute, 17:30ean hasita.

Enpresak maiatzaren 5ean esan zien langileei planta ixteko asmoa zuela. Transformadore elektrikoak ekoizten 53 langilek lan egiten dute, eta horietako gehienak Espainian dituen lantegietara eraman nahi ditu konpainiak: Extremadurara eta Soriara. Langileek,ordea, ez zuten onartu enpresak egindako proposamena, eta greba mugagabean daude maiatzaren 27az geroztik. Juankar Vizan LABeko ordezkariak azaldu duenez, lan baldintzak «nabarmen» okertuko litzaizkieke: «Lekuz aldatzeaz gain, soldatak ere %30 eta %40 artean jaitsiko lizkiekete».

Langile batzordeak beste proposamen bat egin zion zuzendaritzari. Incoesako langileen %80 erretiroa hartzeko adinetik gertu daude, eta haiekin erretiro aurreratua adosteko eskatu zion, «produkzioaren zati bat behintzat» Bedian uzteko. Vizanen arabera, ordea, enpresak ez du negoziatzeko benetako asmorik erakutsi inoiz: «Alde bakarreko erabakiak hartu ditu». LABeko ordezkariaren esanetan, lantegia diru gehiago irabazteko soilik aldatu nahi du lekuz: «Posible da produkzioari hemen eustea; hemen badago lana, baina Extremadurara eraman nahi dute, han ekoizpena merkeagoa delako». Langileen iritzian, deslokalizazioa da, «argi eta garbi», Incoesako zuzendaritzak egin nahi duena. Hori dela eta, uste dute erakundeek esku hartu behar luketela Bediako lantegia ez ixteko.

«Hitz politak, besterik ez»

Erakundeekin bildu dira langileak egoeraz hitz egiteko. «Denek onartu dute gure aldeko ebazpen bat, baina ez dute aurrerapausorik eman»,azaldu du Vizanek. Ebazpen horietan langileen egoera ulertzen dutela esan zuten erakundeek. Horretaz gain, Batzar Nagusietako osoko bilkurakadierazpen batean «benetako negoziazioak» hasteko eskatu zion enpresari, plantari eusteko. Incoesari emandako diru laguntzak berraztertzea ere erabaki zuen, «lekutzeko mehatxua» zegoelakoan. «Hitz politak, baina ez dute ezer egin», esan du Vizanek.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2007an onartu zuen deslokalizazioaren aurkako foru araua. Hor zehazten denez, «enpresa jardueraren etena edo murrizketa handia» gertatzea da deslokalizatzea, baita hiru urte baino lehen enpresak beste leku batean lehen egiten zuen lan bera egitea ere. Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak salatu du aldundia, tresna hori eskura izan arren, «geldirik» dagoela: «Deslokalizazio argia da, baina beste alde batera begiratu du». Ugarteburu eta koalizioko beste hainbat kide Bedian izan ziren atzo, langileei elkartasuna adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.