Ekonomia

Epailearen aurretik pasatu arte ontziak zaintzen geratu beharko dute Hondarribiko bi ontzietako patroiek

Atzo atxiki zituzten ontziak, antxoa batetik bestera pasatzen ari zirenean. Datorren astean erabakiko du epaileak zenbateko bermea eskatu, eta atxikitako antxoaren dirua erabili ahal izango dute hura ordaintzeko. Meltxor Amonarriz 'Berriz Matutina' ontziko patroiarekin hitz egin du Iparraldeko Hitzak (bideoa). [Youtube]http://youtu.be/wnanduohNHQ[/Youtube]

Nora Arbelbide - Miren Garate
2013ko ekainaren 7a
16:21
Entzun

Lehen deklarazioa hartu ostean, aske dira Hondarribiko Berriz Matutina eta San Fermin Berria ontzietako patroiak. Hala ere, ezingo dute etxera joan, Baionako portuan geratu beharko dute ontziak zaintzen epailearen aurretik pasa bitartean. Jean Luc Vaslin  Pirinio Atlantikoetako Itsas Departamenduko zuzendariak BERRIAri jakinarazi dionez, astebeteko epea dago horretarako, baina "lehenbailehen" egiten saituko dira. Baionako auzitegiak orduan erabakiko du zenbateko bermea ezarri. Vaslinen esanetan, itsasontzietan aurkitutako 4,4 tona antxoa hartu ditu departamenduko zuzendaritzak, eta hortik ateratako dirua agintariek atxikiko dute, bermea ordaintzeko baliatzeko. Patroiek ez, baina gainerako arrantzaleek etxera joan ahal izango dute —ontzi bakoitzean 14 lagun zeuden—. Epaiketa datorren urtean edo bi urte barru izango da.

Ontzi batetik bestera antxoa pasatzen ari zirela harrapatu ostean atxiki zituzten arrantzontziak. Europako Batasuneko araudiak debekatu egiten du zamaren aldatzea, kuotak errespetatzen direla ikusteko. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak azaldu du araudiak ez duela zentzurik. Atzo eguerdian harrapatu zituzten, hegazkin batetik ikusi ostean. "100 miliatara geunden, Frantziako uretan, oso urruti. Joan-etorrian hogei ordu daude, eta gasolinaren kostua 1.600 eurokoa da". 10 kiloko 40 kaxa aldatu zituzten ontziz, dirutan, 800 euroko irabazia dela soilik dio Elduaienek. "Ez da bideragarria, orduan egiten dena da ontzi batek bien zama ekarri".

Zama aldatzeko debekua orain lauzpabost urte jarri zuen indarrean Europako Batzordeak, baina araua hausten harrapatu dituzten lehen aldia da. "Bidegabekeria handia da. Lehorrean, kamioi batek posible du fabrika ezberdinetara karga eramatea kostua murrizteko, baina guk ezin dugu".  Kezkatuta daudela adierazi du Gipuzkoako Kofradien Presidenteak. "Hau eromena da, arauak ez du zentzurik". Atxilotzeko moduarekin ere ez daude ados. "Posible zen akta bat egin eta prozesu judiziala hastea. Ez  zen beharrezkoa bi enpresak han edukitzea hamabost gizonekin. Hori beste kalte bat da, enpresak itxita daudelako". Babes handia jaso dute bi ontziek. Galiziatik hasi eta Hondarribiara arteko 40 ontzik ordubeteko protesta egin dute Baionan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.