Epaileek ezingo dituzte handitu kaleratze bidegabeen kalte ordainak

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du Europako Gutun Sozialaren ebazpenak ez dituela horretara behartzen.

Kaleratzeen aurkako protesta bat, Sestaon, Bizkaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kaleratzeen aurkako protesta bat, Sestaon, Bizkaian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jokin sagarzazu
2025eko uztailaren 16a
14:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Kaleratzeen kalte ordainaren zenbatekoak berdin jarraituko du. Hego Euskal Herriko epaileek ezingo dute handitu legez duten gehienezko kalte ordaina. Ondorio hori atera du Espainiako Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak. Iazko abenduan gauza bera ebatzi zuen, baina ate bat irekita utzi zuen, erabakian ez baitzuen kontuan hartu Espainiak Europako Gutun Soziala berretsi izana —2021ean berretsi zuen—.

Gorenak auzi hori ikertu du, legeak ezartzen duen baino kalte ordain handiagoak ezarri dituztelako azken urteetan auzitegi batzuek —tartean EAEko Auzitegi Nagusiak—, Gutunak zer dioen kontuan hartuta. Horren arabera, arrazoi objektiborik gabe kaleratutako langileek eskubidea dute «neurriko kalte ordaina» jasotzeko, legeak kopuru bat ezarri ala ez.

33

Azken lan erreformaz geroztik, bidegabeki kaleratutako langile orok 33 eguneko soldata jaso behar du lan eginiko urte bakoitzeko —45ekoa 2012ko erreformaren aurreko aldietarako—, eta 24 hilabeteko gehienezko muga izango du. Gorenak ebatzi du hori dela gehienezkoa, eta epaileek ezin dutela hortik gora ezarri. Dena den, bi aldeen arteko akordioa badago, enplegatzailearen eta kaleratuaren artekoa alegia, langa hori igaro daiteke. Kaleratzea bidezkotzat joz gero, kalte ordaina hogei egunekoa da, eta, gehienezko muga, hamabi hilabeteko soldata

Izan ere, ESEB Eskubide Sozialen Europako Batzordearen ebazpenen arabera, kaleratzeen kalte ordainak ez dira legez mugatu behar, horrek kaleratzeak sustatzen dituelako. Gainera, kasuaren arabera kalkulatu behar direla dio, hainbat aldagai kontuan hartuta. Besteak beste, enpresaren egoera eta kaleratuarena. Alegia, langile bakoitzak kaleratze kalte ordain ezberdina merezi duela uste du, bere egoera pertsonalaren arabera: adibidez, pertsonarik zaindu behar duen ala ez, edo hipoteka maileguren bat duen kontuan hartuta.

Politikarien esku

Gorenaren arabera, baina, Europako Batasuneko epaitegiak ez daude ESEBren ebazpenak betetzera behartuta, erakunde hori ez delako organo jurisdikzionala, eta haren ebazpenak ez direlako epaiak. Halaber, bere adierazpenetan erabiltzen duen «neurriko kalte ordaina» esamoldea «zehaztugabea» dela azpimarratu du. «Deklarazio programatikoa da, beraz, interpretazio irekikoa, eta haren birtualtasun zehatzak botere legegilearen esku hartzea eskatuko luke», ondorioztatu du Gorenak —Espainiako Gobernuaren gobernu programan kaleratze bidegabeen erreforma jasotzen da—.

Horrez gain, gogorarazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren doktrinak esaten duela legez tasatutakoa kalte ordain egokia dela, eta formula horrek «segurtasun juridikoa eta irizpide berberak» bermatzen dizkiela langile guztiei; horrenbestez, enplegu bera galtzen dutenek «neurri bereko erreparazioa» jasotzen dute.

Goreneko Lan Arloko Salako gehiengo zabal batek egin du bat ebazpenarekin, baina ez aho batez. Magistratu batzuek boto partikularrak iragarri dituzte, eta ate bat irekita utzi dute auzia Konstituzionalera eraman dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.