Epea gertu, baina akordioa urrun

Espainiako Gobernuak ostiralean onartuko du pentsioen erreforma, baina oraindik ez du lortu sindikatuen babesa

Mugimendu feministako ordezkariek greba orokorra babestu zuten, atzo, Bilbon egindako agerraldian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Donostia
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ostiraleko Ministroen Kontseilua gertu dago, baina Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak oraindik ez dute lortu akordiorik pentsioen erreformari buruz. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak aspaldi ezarri zuen erreforma onartzeko epea: urtarrilaren 28a, ostirala. Bai edo bai, akordioarekin edo akordiorik gabe. Baina Marcelino Iglesias PSOEko Antolaketa idazkariak atzo onartu zuen akordioa «oso zaila» dela. Atzo egin zuten orain arteko azken bilera.

UGT eta CCOOk esan dute otsailaren 1ean bilduko dituztela beren agintaritza organoak, erreforma onartu eta lau egunera, aurrera begira zer egin erabakitzeko. Aurretik UGTren Batzorde Konfederalak bilera egingo du bihar.

Espainiako Gobernuko ordezkariek eguna joan eta eguna etorri egin dituzten adierazpenen arabera, ez dute amore emateko asmorik erreformaren ardatzetan: erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzea; 65 urterekin eta pentsio osoarekin erretiratu nahi izanez gero, 41 urtez kotizatzea; pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteen kopurua handitzea, azken hamabostetatik 20 edo 25era; erretiro aurreratua hartu ahal izateko adina atzeratzea; eta pentsio sistema pribatuak gehiago bultzatzea.

Pentsioen erreformak prozedurari dagokion urrats formal bat gehiago egingo du gaur: Toledoko Itunaren jarraipen batzordearen gomendioak bozkatuko dituzte Kongresuan. Batzordeak proposamen oso orokorrak egin zizkion Espainiako Gobernuari, eta, gainera, proposamenak bete beharrekoak ez direnez, Espainiako Gobernuak nahi duen lege aurreproiektua onartuko du.

Toledoko Ituneko batzordeko alderdiek ez zuten akordiorik lortu erretiro adina atzeratzeari buruz. Alderdi guztiak kontra daude, PSOE izan ezik. Horregatik, gaurko bozketan adina luzatzeari buruzko boto partikularra aurkeztuko dute talde mistoak, IUk, ERCk, ICVk, BNGk, CiUk eta PPk. EAJk ere aurkeztuko du, etorkizunean EAEk Gizarte Segurantza propioa izan dezakeelajasotzeko.

EAJk babes gehiago nahi du

Negoziazio politikoak korapilotsuak izango dira PSOErentzat. EAJren edo CiUren babesa beharko du pentsioen erreforma onartzeko. Josu Erkoreka EAJko diputatuak Espainiako Gobernuari ohartarazi dio ezin duela pentsatu pentsioen erreforma EAJren babesarekin bakarrik onartzea: «Erreformak babes gehiago lortzen ez badu, soziala aurrena eta politikoa gero, ia ezinezkoa izango da Espainiako Gobernuak pentsatzea onik aterako delaEAJren babesarekin bakarrik».

Erkorekaren hitzek erakusten dute erreforma babesteko prest daudela, lan erreformarekin egin zuten moduan, beti ere Zapateroren konplize bakarra ez badira. Hala ere, Erkorekaren esanetan, «oso zaila» da EAJren jarrera zein izango den jakitea, sindikatuekin akordioa lortuko den edo ez jakin gabe.

Valeriano Gomez Lan ministroak esandakoaren arabera, ezetz dirudi, Espainiako Gobernuak aldaketaren oinarriei eusten diela esan baitzuen, «negoziatzen» jarraituko dutela gehitu zuen arren.

Espainiako Lan ministroak iraupen luzeko langabeentzako 426 euroko laguntzaren ordezko plana aurkeztu zuen atzo. Plan berriaren arabera, 350 euroko laguntza jasoko dute, beti ere prestakuntza ikastaroak egiten badituzte «hazteko aukera» duten sektoreetan: turismoa, gizarte laguntza edo energia berriztagarriak.

Laguntza gehienez sei hilabetean jasoko dute, otsailaren 16tik aurrera langabezia saririk gabe geratzen direnek eta gutxieneko soldataren %75 baino diru sarrera txikiagoak dituztenek.

Iraupen luzeko langabeentzako eta gazteentzako egun erdiko lanpostu berriak sortzen dituzten enpresek gutxiago ordaindu beharko diote Gizarte Segurantzari, lehen urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.