FISKALITATEA

Epetik at 155 ondare aitorpen jaso ditu Gipuzkoako Ogasunak

Iruzurra paper bidezko errenta deklarazioetan ezkutatzen dela uste du

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ondarearen gaineko zergan ustez egindako iruzurraren zati bat berreskuratu ahal izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Azken hiru hilabeteetan, epetik kanpo, beraz, 155 ondare aitorpen jaso ditu.

Joan den uztailaren erdialdera, Juan Jose Mujika Gipuzkoako Ogasun diputatuak jendaurreko oharra egin zien ondarearen gaineko zerga aitortzerakoan «erlaxatu diren gipuzkoarrei». Mujikak aipatu zuenez, ekainaren 15ean epean amaitu arte, 12.900 lagunek aurkeztu zuten ondarearen gaineko aitorpena, aurreko urtean baino 400 gutxiago. Katastro balioespenak ikusirik, gutxitze hori «zentzugabea» zela nabarmendu zuen Mujikak. 181.000 euro baino gehiagoko ondarea pilatu duten guztiek egin behar dute aitorpena.PPk eskatuta, azalpenak eman zituen atzo Mujikak. Diputatuak jakinarazi zuenez, 155 aitorpen jaso dituzte, eta horien bidez 450.759 euro bildu. Aitorpena berandu igorri dutenek isuna pagatu beharko dute.Mujikak azaldu zuenez, errenta aitorpenaren kanpainan itzuli beharreko diruaren %95 dagoeneko itzuli dute, eta orain Ogasuneko teknikariek paper bidezko aitorpenak aztertzeari ekingo diote. Sistema hori baliatu dutenekiko susmoa adierazi zuen diputatuak, eta horregatik «sakonago» aztertuko dituztela iragarri zuen. «Uste dugu zerbait ezkutatu behar duenak paper bidezko aitorpena egiten duela, azterketa askoz nahaspilatsuagoa baita». Paper bidezko aitorpenak %25 gutxitu dira azken urtean, eta handitu egin dira, berriz, Internet bidez egindakoak. Azken sistema hori bultzatuko dutela iragarri zuen Mujikak. Gainera, datorren urtean gipuzkoar gehiago jasoko dituzte beren etxeetan Foru Aldundiak prestaturiko aitorpenak. EAk eta Aralarrek eskatuta, Mujikak azalpenak emango dizkie Batzar Nagusiei iruzurrari buruz .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.