Legealdi honetako Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak bere fruiturik garrantzitsuena eman du. Fruitu polemikoa da, negoziazio kolektiboa desblokeatzeko hautatutako bidea, eragin mugatuko akordioa, gehiengo sindikalaren iritziaren aurkakoa baita. ELAk eta LABek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soldatapeko langileen ordezkaritzaren %59,2 dute, eta %30era ez dira iristen akordioa izenpetu duten bi sindikatuak, CCOO eta UGT.
Kritiken aurrean, hiru puntuko akordioa sinatu dute Elkarrizketa Sozialeko Mahaiko kideek, gaur eguerdian, Gasteizen.
Lehenik, eraginkortasun mugatuko hitzarmenak zabalduko dituzte hiru lurraldeetako sektore ekonomikoetan eta enpresetan. "Akordio orokorrik lortzeko aukerarik izan ez arren eraginkortasun mugatuko akordioak lor daitezkeen lekuetan, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia osatzen duten enpresa eta sindikatu erakundeen ordezkariek hitzematen dute eraginkortasun mugatuko hitzarmen horiek ahal bezainbeste zabalduko eta aplikatuko dituztela ukitutako enpresa eta langileen artean, hitzarmenei ahalik eta eraginkortasun handiena eta aplikazio zabalena emateko", diote sinatzaileek.
Eraginkortasun mugatuko akordioa dira ordezkaritza sindikalaren gehiengorik gabe lortutakoak. Eraginkortasun mugatuko akordioak sinatu dituzten sindikatuetako kideei ezartzen zaizkie soilik: gainontzeko langileek espresuki eskatu behar dute akordio horietako baldintzak haiei ere ezartzea. Hau da, akordio horiekin lan baldintza desberdinak izan ditzakete lan berdina egiten duten bi langilek.
Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak gaur goizean nabarmendu du eraginkortasun mugatuko akordio horiek ez zaizkiela "inposatuko" ELAko eta LABeko kideei.
Eraginkortasun mugatuko akordioak CCOOk, UGTk eta Confebaskek bilatuko dituzte, eta Jaurlaritzak haiek zabaltzen lagunduko du. "Sindikatu eta enpresen ordezkariek sinatutako akordioak gordailuan sartu eta argitaratuko ditu, hitzarmen horiek ez direnean iristen Langileen Estatutuari buruzko Legearen 89.3 artikuluak eraginkortasun orokorra aitortzeko ezarritako adierazgarritasun mailetara".
"Sektorekako negoziazioak du lehentasuna"
Bigarrenik, "negoziaziorako euskal esparrua babestuko" dutela agindu du Gizarte Elkarrizketarako Mahaiak.
"Gure sektorekako negoziazio kolektiboa babesteko, lehenetsi egin behar da Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan negoziatutakoa. Gainera, ahal bezainbesteko lehentasuna eman behar zaio, Egiturazko Sektoreen arteko Akordio baten bidez. Zehazki, goragoko esparru batean negoziatutakoaren aurrean, lehentasuna eman behar zaie sektorekako negoziazio mahaiek askatasunez adostutako edukiei.
Azkenik, akordioak "etengabe" bilatuko dutela hitz eman dute. "Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte hartzen duten gizarte-eragileok uste dugu gure ardura dela negoziazioei eustea eta irtenbideak bilatzen eta sustatzen jarraitzea, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa bultzatzeko, eta enpresek lehiatzeko duten ahalmena sendotzeko".