Eraikuntza alorreko 3.150 enpresa eta 6.000 lanpostu galdu dira Gipuzkoan

Azken bost urteetan %30 egin du behera jarduerak; lan publikoen adjudikatzeak %42 jaitsi dira aurten

xabier martin
2012ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eraikuntzaren alorrean azken urteetan izandako gainbeherari zenbakiak jarri dizkio Ascongi Gipuzkoako eraikuntzako patronalak. Jarduerak %30 egin du behera azken bost urteetan. 2008tik 2011ra 6.000 lanpostu galdu dira,eta 3.150 enpresa itxi; 9.393 enpresa daude egun Gipuzkoan. 24.496 langilek dihardute sektorean. Gehienak hiru langile baino gutxiagokoak dira (%85).

Sektorearen testuinguru ekonomikoa negargarria da 2006-2007ko zenbakiekin alderatuta. Esaterako, urtarriletik irailera %42 egin dute behera lan publikoen adjudikatzeak. Eraikuntzek, oro har, %62 egin dute atzera, eta herri lanek, %37.

Biztanleko etxebizitza gutxien duten probintzien artean da Gipuzkoa; mila biztanleko 481 etxebizitza dauzka. Baina, hala ere, salgai dauden etxebizitza berrien stocka 6.778koa da, etxebizitza guztien %1,98. Ascongik dioenez, etxebizitzen salerosketa «gelditu egin da,maileguak lortzeko «etenarekin batera».

Eraikuntzaren sektorea asko txikitu den arren, Gipuzkoako ekonomiaren %5,3 ordezkatzen du; 2007an %7,9 ordezkatzen zuen. Eurogunean baino txikiagoa da egun (%6), Alemanian baino 0,8 puntu handiagoa eta Frantzian baino 0,7 puntu txikiagoa. Ascongiren arabera, eraikuntza alorrean eskaera mila euro igotzen den bakoitzeko 2.400 euro igotzen da zeharka EAEko ekonomiaren ekoizpena .

Eraikuntzaren kostuei dagokienez, 2003tik 2008ra %30 egin zuten gora, urtero %5,4 (KPIren batez bestekoa %3,3 izan zen). 2008tik 2011ra, berriz, %2,4 hazi dira, urtero %0,8 (KPIaren batez bestekoa 1,7koa da epe horretan). Aurten %0,9 igoko direla dio aurreikuspenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.