Hiru urteko hazkundeen ostean, eraikuntzan jarduera %24 jaitsi da iaz, baina 500 lanpostu gutxiagorekin ere sektoreak enplegua mantendu duela azaldu du gaur Ascobi Bizkaiko Eraikitzaile eta Promotoreen Elkarteko idazkari nagusiak, Iñaki Urrestik. Jarduera murrizketaren arrazoi nagusia pandemia hasierako geldialdiak izan dira. Ondoren, eragina izan du azpiegitura eta etxebizitza berrientzako lizitazio eta prozeduren geldotzeak ere.
Baimen berririk gabe, aurretik lizitatuko obra eta etxebizitzetan lanean aritu da sektorea joan den urtean. Urrestiren ustez, baimenen murrizketa hori mantentzen bada, «bi hilabeteren buruan eraikuntza jardueraren jaitsiera garbi bat gerta daiteke». Horregatik, Ascobiko buruak administrazioei eskatu die lan publikoetako eta etxebizitzetako «inbertsio ahaleginari» heltzeko berriz, sektore horretan duten ziurgabetasuna amaitzeko.
Iaz, herri lanen lizitazioak 1.002 milioi eurora jaitsi ziren; 2019an, 1.316 milioirenak izan ziren. Etxebizitza berrien ekoizpenak, berriz, «gutxienekotan» dirauela esan du Urrestik, eta eraikitzen den guztia saltzen dela. Ascobiren datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz, 4.793 etxebizitza egin dira, 2019an baino %24 gutxiago. 3.931. etxebizitza izan ziren merkatu librekoak (-%6), eta 862, berriz, babes ofizialekoak (-%60).
Etxebizitza berrien inguruan, Ascobik hiru neurri proposatu ditu: batetik, zoru erreserbarako portzentajeak egungo beharretara egokitzea; bestetik, babes ofizialeko etxebizitzen gehieneko kostuak egokitzea egungo eraikuntza kostuetara, hamar urtez izoztuta egon ostean; eta, azkenik, lizentzien eta baimenen prozedurak bizkortzea.