Komunak berritzeko lanetan berezituriko enpresa bateko bi arduradun atxilotu ditu Espainiako Poliziak Donostian. Hiru delitu egin izana egotzi diete: lan esplotazioa helburu duen gizakien salerosketa, eta langileen eta atzerritarren eskubideen aurkako delituak. Poliziaren ikerketaren arabera, igeltseroak egunean hamasei orduz lan egitera behartzen zituzten, eta, kexatzen baziren, etxetik botatzen zituzten, edota egunerako gastuetarako dieta kentzen zieten.
Ikerketa duela hilabete hasi zen, langileetako bat Poliziaren bulegora joan eta bere egoeraren berri eman zuenean. Langilea atzerritarra zenez, atzerri auzietarako lan multzoak kudeatu zuen salaketa. Lekukotzan egiazkotasun zantzuak atzeman ondoren, bi enpresariak ikertzen hasi ziren, eta asteon atxilotu dituzte. Biak ala biak Gipuzkoan bizi ziren, eta eraikuntza sektoreko hainbat enpresa kudeatzen zituzten. Haien artean, komunak berritzeko lanetan berezituriko bat nabarmentzen zen.
Ikerketan aurkitu zutenez, enpresariak «zalantzazko» lan eskaintzak egiten zizkieten Hego Amerikan bizi ziren igeltseroei. Haiek jaioterrian zirenean hasten ziren tratuan, baina, Euskal Herrira iristean, ikusten zuten baldintzak ez zirela betetzen. Langileen arabera, 1.200 eta 1.400 euro arteko soldata eskaintzen zieten Gipuzkoan komunak berritzen lan egiteagatik. Lan kontratua eskaintzen zieten, baita mantenua eta etxea ere. Abusua, baina, gero hasten zen, hamasei orduko lanaldiak egitera behartuz. Mantenua eta etxebizitza ere baldintzapean zeuden, hitzarturiko soldata eskatzen bazuten edo kexatzen baziren hura kentzearekin mehatxu egiten baitzieten.