Erakundeek ziurtatu dute eragin «txikia» izango duela Gamesaren birmoldatzeak

Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak lasaitasun mezua bidali dute. Birmoldatzea aztertzeko lehen bilera atzeratu dute. Sindikatuek kritikatu dituzte neurriak

Gamesaren egoitza nagusia, Zamudioko parke teknologikoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Siemens-Gamesak konpainia berregituratzeko plan globala iragarri du, eta horren barruan 6.000 lanpostu kenduko dituela jakinarazi du. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak ziurtatu dute birmoldatze prozesu horrek eragin «txikia» izango duela Euskal Herrian. Bitartean, sindikatuak erne jarri dira, eta ohartarazi dute ez daudela prest kaleratze bat bera ere onartzeko.

Gamesaren eta Siemensen arteko bateratzea joan den apirilaren 3an jarri zen martxan, sektore eolikoan lidergoa lortzeko helburuarekin. Lehen sei hilabete gorabeheratsuak igaro ditu konpainiak. Emaitzetan ez da aurreikusitakoa bete, eta zuzendaritzak orain bost langiletik bat kaleratzeko neurria jarri du martxan. Lehen seihileko horretan salmentak %12 jaitsi dira, eta 135 milioi galdu ditu, bateratzeari lotutako kostuak aintzat hartuta.

Euskal Herrian kezka zabaldu du erabakiak. Izan ere, konpainiak 2.300 langile ditu bertan. Gehienak, 1.600 inguru, Nafarroako produkzio eta zerbitzulantegietan daude. Konpainiaren egoitza nagusia BizkaikoParke Teknologikoan dago, Zamudion.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu zuen lehen hartu-eman batzuk izan dituztela Siemens-Gamesako arduradunekin, telefono bidez, eta horietan gobernuari azaldu diote ez dutela erabaki gogorrik hartuko. «Enpresak uste du Euskadin dauden lantegiei buruz hartu beharreko erabakiak hartu zirela iraganean. Aurreikusiak zituzten doikuntzak egin ziren, eta, ondorioz, eragin txikia izango da, izatekotan», azaldu zuen Erkorekak, gobernu kontseiluaren osteko agerraldian. Gaur bilduko dira aurrez aurre gobernuko eta zuzendaritzako ordezkariak.

Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, antzeko mezua bidali zuen, ETBn egin zioten elkarrizketan. Rementeriak ziurtatu zuen eragina ez dela garrantzitsua izango, eta posible dela Bizkaian inolako efekturik ez izatea. Nafarroan ere birmoldatzearen ondorioak ez direla «horrenbesterako» izango aurreratu zuen Bizkaiko ahaldunak, eta eragin handiena Siemens-Gamesak Alemanian eta Danimarkan dituzten lantegietan gertatuko dela. Bat egitea gauzatu aurretik 3.000 lanpostu inguru kendu zituen Gamesak Euskal Herrian, eta bi lantegi itxi zituen.

Kaleratzeak iragartzean sindikatuekin «berehala» negoziatzen hasiko zela agindu zuen konpainiak. Atzo arratsaldean bertan zuzendaritzak telekonferentzia batera deitu zituen langileen ordezkariak, lehen hartu-eman bat izateko. Azkenean, ordea, bilera atzeratu behar zela adierazi zuten giza baliabideetako ordezkariek, Europako araudi batek horrela agintzen zuela argudiatuta. Berez, kaleratze kolektiboak arautzen dituen EBko zuzentarauak dio horrelako neurriak fede onez negoziatu behar dituztela enpresak eta sindikatuak, eta prozedura hasteko beharrezkoa dela hartuko diren neurri guztiei buruzko informazioa sindikatuei idatziz helaraztea. CCOOko iturrien arabera, azalpen gehiagorik eman gabe deialdia bertan behera utzi, eta datozen egunetan berriro deituko dituzte bilera batera, egun zehatza zein izango den zehaztu gabe.

Sindikatuen kritikak

Sindikatuek zuzenean lotu dituzte bateratzea eta 6.000 lanpostu ezabatzeko erabakia. Euskadiko CCOOk ohartarazi zuen bateratze prozesuarekin «etsipena» adierazi dutela azken hilabeteotan langile «askok». «Artazia sartuko dute sei hilabeteren ondoren. Atzean geratu dira seinale baikorrak, konpainia handia izatera eramango gintuen barku hura», kritikatu zuen Industria Federazioak, idatzi batean.

Gainera, CCOOk uste du inbertitzaileek ez dutela zuzendaritzan «konfiantzarik». Enpresaren negozio plan berria azaroaren 15ean iragarri behar zuten, baina otsailera atzeratu dute. Kaleratzeak eta emaitzak aurkeztu ondoren, atzo berriro ere %6,8 erori zen enpresako akzioen kotizazioa.

LABek azpimarratu iaz inoizko irabazi handienak izan zituela Gamesak —301 milioi garbi—, eta bateratzearen ondoren akziodunek 1.000 milioi eta zuzendaritzak 82 milioi jaso zituztela. «Hau izan zen fusioaren benetako arrazoia, gutxi batzuk aberastea, ondoren lanpostu asko kolokan geratu arren», adierazi zuen sindikatuak, ohar batean.

Gamesaren egoera «kezkagarria» Eusko Jaurlaritzaren industria politika gabeziari leporatu zion LABek. «Zergatik txalotu zuen Arantza Tapiak fusioa, esanez helbide soziala Euskal Herrian gelditzen zela eta hori nahikoa berme zela?», galdetu zuen.

ELAk ere Urkulluren gobernuari aurpegiratu zion bateratzeari buruz izan duen jarrera. Tapiak akordioa «txalotu» izana salatu zuen Adolfo Muñoz sindikatuko idazkari nagusiak. «Gamesak euskal konpainia izateari utzi zion, eta erabakiak kanpotik hartuko ziren», Muñozen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.