Erandion 200 lanpostu kolokan daudela uste dute GESeko langileek

Konkurtso aurreko egoeran dago energia berriztagarrien zerbitzuetan aritzen den enpresa

GESen egoitza nagusia, Erandion (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2016ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
«Enekuri plantako langileak harriturik gaude. GESeko zuzendaritzak behar baino lehenago esan du konkurtso aurreko egoera eskatu zuela. Hori dela eta, gure hornitzaileek eta bezeroek alde egin dute». Kezkatuta dago Jose Ignacio Bahillo. CCOOko ordezkaria da GESeko langile batzordean, eta Bizkaiko egoitza zentraleko 200 lanpostuak arriskuan ikusten ditu, baita taldeak beste herrialdeetan dituen 1.400ak ere.

GES (Global Energy Services) taldeak energia berriztagarriei lotutako eraikuntza, muntatze eta mantentze zerbitzuak eskaintzen ditu. Konpainia 1999. urtean sortu zen, eta, hasieran, Gamesaren esku egon zen. 2006. urtean, jabea aldatu zuen enpresak, Grupo 3ik erosi baitzuen. Guztira, 1.600 langile ditu GES taldeak, eta, enpresaren egoitza nagusia Erandion egon arren, ia 40 herrialdetan egiten du lan, hala nola Alemanian, Erresuma Batuan, AEBetan, Txinan, Txilen eta Mexikon.

2008an piztu zen krisi ekonomikoak inbertsio energetikoak geratu zituenetik, GES taldea egoera larrian dabil. Aitortu du finantzaketa lortzeko zailtasunak dituela eta irabazi marjinak asko estutu zaizkiola. 2014. urtean, enpresak bere garairik gogorrenetariko bat pasatu zuen. Lan falta argudiatuta, 627 langile kaleratzeko erregulazio dosier bat aurkeztu zuen, baina, negoziazioen ondoren, azkenean kaleratzeak 290 izan ziren. «2014an langileak kaleratu zituenetik aurrera, enpresak aholkulari batzuk kontratatu zituen egoerak hobera egin zezan», kontatu du Bahilok. Hala ere, CCOOko ordezkariak azaldu du neurri horiek ez dutela inongo fruiturik eman. Gaur-gaurkoz, konkurtso aurreko egoeran dago, eta lau hilabete ditu bere zorra negoziatzeko. Langileak kezkatuta daude. «Oraingoz, behar den bezala ordaindu dizkiete soldatak langileeibe, baina enpresaren etorkizunak ez du itxura onik», adierazi du Bahillok.

Merkatuaren egoeraz kexatzeaz gain, enpresako buruak egiten ari diren kudeaketa ere kritikatu du ohar baten bidez Iker Alustizak, hots, ELAko industria atalak Bizkaiko Eskumaldean duen ordezkariak. Alustizak uste du parke eolikoen mantentze atala saltzeko asmoa duela enpresak, «uneotan dagoen atalik errentagarriena, eta enpresari egonkortasun bat ematen dion bakarra». Atal hori saltzeak «enpresaren amaiera» ekarriko lukeela dio Alustizak, eta hitzeman du ELA «bere baliabide guztiekin» borrokatuko dela.

Parke eolikoen mantentze atalaren salmentarena susmoa baizik ez da, langileek informazio gutxi dutela salatu baitu ELAk. Ados dago CCOOko Bahillo ere, eta enpresak datuak «ezkutatzen» dizkiela salatu du.

Laguntza eske

Enpresaren egoera ekonomiko larria hobetu ahal izateko, GESeko zuzendariek hainbat neurri hartu dituztela iragarri dute. Lehenik, energia berriztagarrien sektorean salerosketak areagotzeko plan estrategikoak jarri dituzte abian. Bestetik, finantzatzeko bide berriak eta inbertitzaileak bilatzeari ekingo diotela azaldu dute. Gainera, multinazionalaren egoera larriak langileei ahalik eta gutxien eragitea nahi duela adierazi dute enpresako buruek. Horretarako, eguneroko jarduerekin jarraitzeko asmoa dutela esan dute.

Dena dela, Bahillo ez dago lasai, eta enpresatik kanpo ere laguntza jasotzea ezinbestekoa iruditzen zaio. «Eusko Jaurlaritzak GES babestea beharrezkoa ikusten dut. Gainera, uste dugu Gamesak ere esfortzua egin beharko lukeela gure enpresa babesteko, urteetan batera lan egin dugu eta». Horrez gain, GES enpresako zuzendariek neurri gehiago hartu beharko lituzketela azaldu du, eta Grupo 3ik ekonomikoki lagundu beharko lukeela enpresa. Multinazionaleko buruzagien jarrera aldatzea ere premiazkotzat jo du Bahillok, Grupo 3iren aginduak betetzen dituztela salatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.