Greba orokorrak erantzun desorekatua izan zuen Bizkaian, eskualdez eskualde egoera erabat ezberdina izan baitzen. Hala ere, oro har, lanuzteak eragin apala izan zuen. Eusko Jaurlaritzak emandako datuek zerikusi gutxi izan zuten sindikatuek emandakoekin. Erantzuna %10,8 soilik izan zela esan zuen Jaurlaritzak. Cebek patronala, ordea, urrunago joan da, eta grebaren eragina %5ean zenbatu zuen.
Kontuak kontu, grebak oihartzun zabala izan zuen ekialdeko eskualdeetan. Durangaldean, esaterako, enpresa gehienak itxita egon ziren egun guztian, eta merkataritzak oihartzun urriagoa izan zuen. Durangon bertan, alde zaharreko denda denak itxita egon ziren goizean, baina inguruan dagoen Eroskik ateak zabalik zituen, eta barruan ilara luzeak zeuden erosketak ordaintzeko. Herri gunetik irtenda, denda asko itxita, eta beste hainbeste zabalik egon ziren.
Busturialdean eta Lea-Artibai eskualdeetan ere lanuzteak erantzun handia izan zuen, industrian batez ere. Gernika-Lumon, esaterako, enpresez gain, denda ia denak ere itxita egon ziren egun osoan. Bermeon, bestalde, kontserba enpresetan beharrean aritu ziren arren, hainbat langilek greba egin zuten. Herrigunean ere lanuztearen eragina sumatu zen, denda gehienek ez baitzuten negozioa zabaldu.
Gainerakoan, normaltasuna
Greba orokorraren eragin indartsuena, hiru eskualde horietara mugatu zen, ordea. Bilbora inguratu ahala, eragin eskasagoa sumatu zen herriz herri. Zornotzaren eta Galdakaoren artean, esaterako, aldea nabaria zen. Zornotzan, industria gehiena itxita egon zen, eta dendak, berriz, erdizka. Galdakaon, berriz, industriak erdibideko erantzuna eman zuen, eta horren lekuko izan zen aparkalekuetan ikus zitezkeen auto andanak.
Ezkerraldera jauzi eginda, han ere erdibideko erantzuna izan zuen grebak. Galindoko industriagunean enpresa askok lan egiteko hautua egin zuten, eta han ere auto ugari ikus zitezkeen aparkalekuetan. Merkataritzari dagokionez, Barakaldo eta Santurtzin apenas sumatu zen grebaren eragina, eta normaltasuna izan zen nagusi.
Bilbon ere grebak ez zuen ia eraginik izan. Santutxu eta Zazpikaleetako denda batzuek baino ez zuten itxi; Plaza Barria hutsik egon zen egun osoan. Erdigunean, ordea, dendek, tabernek, bulegoek eta banketxeek ireki egin zuten, piketeak igarotzean izan ezik. El Corte Ingles saltoki gunearen aurrean ere ez zen egon ohiko piketerik. Ateak zabaldu ostean, hara heldu zen martxak behartu zituen langileak saretak jaistera, eta ordubetez egon ziren piketeak hiru ateen aurrean, Ertzaintzaren begiradapean. Kalea autoentzat berriz ireki zutenean, tentsio une batzuk izan ziren, manifestariak bultzaka atera baitzituzten errepidetik, baina ez zen istilurik egon. Gune sinbolikoetatik kanpo, normaltasuna izan zen nagusi egun osoan. Greba orokorrak arrastoa utzi zuen zirkulazioan, manifestazioak igarotako inguruko kaleetan auto ilara luzeak izan baitziren. Termibusen ere joan-etorri gutxiago antzeman zuten puntako orduetan.
Edozein modutan, eguerdian egin zen manifestazioak jendetza bildu zuen, Jesusen bBihotzetik Plaza Eliptikorainoko bidea betez. «Olatu hau ezingo dute gelditu», esan zuen Sonia Gonzalezek, LABeko komunikazio idazkariak. «Egunero dauzkagu borrokak, enpresaz enpresa. Aurrean izango gaituzte», adierazi zuen Mikel Novalek, ELAko arlo sozialeko arduradunak.
Greba orokorra. Herrialdeak. Bizkaia
Erantzun desberdinak, baina, oro har, apala
Bilbon apenas sumatu zen grebaren eragina; El Corte Ingles saltoki aurrean ere, ez zen ohiko piketerik egon

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu