ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ziurtatu dutenez, grebak "geratu" egin du Euskal Estatistika Erakundearen lana. Haien arabera, beharginen %98k egin dute bat lanuztearekin.
Oso zenbaki desberdinak eman ditu Eustatek berak. Haren arabera, langileen %31,8 ez dira lanera agertu. Hain datu desberdinen azalpenetako bat da alde batek eta besteak oso interpretazio desberdinak egiten dituztela Eustaten langile kopuruari buruz: 91 dituela diote sindikatuek, eta 195, berriz, zuzendaritzak.
Grebaren bidez, sindikatuek salatu nahi dute "Eusko Jaurlaritzak bere funtzioak alde batera utzi eta Eustaten langileak prekaritate egoera onartezinean" utzi nahi dituela. Izan ere, kexu dira Gasteizko gobernuak ez dituela Eustatekoak bere administrazioko Lanpostuen Zerrendan sartzen, eta horregatik behin-behinekotasun handia dutela. Auzitara jo zuten sindikatuek, eta arrazoi eman zieten. Eusko Legebiltzarrak ere babesa adierazi die.