Erantzun zabala izan du gaurko greba deialdiak Gipuzkoan. Enpresa handi gehienak itxita daude, eta administrazioan eta merkataritza guneetan ere bat egin dute langile gehienek. Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak, beste udal askok bezala, bat egin dute grebarekin.
Goierrin erantzun oso zabala izan du deialdiak; besteak beste, itxita daude Irizar eta Ampo geratuta daude, adibidez. Oarso-Bidasoan eta Tolosaldean ere lantegi gehienak itxita daude, nahiz eta ateak erdi itxita lanean ari direnak ere badauden.
Urola-Kosta eskualdean denda gehienak itxita daude. Usurbilen Urbil saltokian tentsioa izan da pitekea iritsi denean, eta Ertzaintzak identifikarazi egin ditu. Langileak piketeetako kideen artean sartu dira lanera, eta ateak ireki dituzte. Gutxi ziren, ordea, lehen orduetan erosketak egitera joandakoak. Piketeetako kideak identifikatu dituzte ertzainek zenbait herritan, baina ez da inputaturik edo atxiloturik izan Gipuzkoan.
Adegi patronalak jakinarazi du %40koa dela parte hartzea Gipuzkoan, eta aldeak daudela eskualde batetik bestera. Enpresarien arabera, Donostia inguruan du jarraipen txikiena grebak, eta handiena, Tolosaldean.