Galeren kalbarioa aurten amaituko zuela ziurtatu du Eroskik, eta hala ari da gertatzen. 2008tik 2015era galera izugarriak pilatu ditu, kontsumoaren beherakadaren, lehiakide berrien agerpenaren eta, batez ere, gehiegizko hedapen baten digestio astunaren ondorioz. Urterik txarrena 2014. izan zen, 280 milioiko galerekin.
Zor handi bati aurre egin behar izateak eta aktiboen balio galerak zamatu ditu Eroskiren azken urteotako emaitzak, urte txarrenetan ere bere negozio arrunta errentagarria izan delako. Negozio horrek berak %45 egin du gora 2016ko lehenn sei hilabeteotan (otsailaren 1etik uztailaren 31era, Eroskiren kasuan), kontsumo handiagoaren eskutik.
Espainiako hainbat eskualdeetatik alde egin ondoren, penintsularen iparraldean (Galiziatik Kataluniaraino, Hego Euskal Herria barne) eta Balear Uharteetan zentratzea erabaki du Elorrioko kooperatibak. Eremu horretan inbertsioak egiten ari da, supermerkatu frankiziatuak irekitzeko (aurten, 44) eta denak Zurekin eredura egokitzeko. Urteko lehen seihilekoan 74 saltoki birmoldatu ditu eta dagoeneko 442 denda dira dagoeneko belaunaldi berrikoak, 23 hipermerkatu eta 419 supermerkatu. Guztira 45 milioi euro inbertitu ditu. Zati bat informazio sistemen ekipamendua egokitzen gastatu du, "bezeroen soslai segmentuetara" hobeto heltzeko.
625 lanpostu sortu dituela ziurtatu du kooperatibak.
Bankuekin hartutako akordioaren eskutik, bere zorra 169 milioi euro txikitu du.