Kontsumoaren jaitsierak eta higiezinen merkatuaren amiltzeak ondorio handiak izan ditu Eroskiren iazko kontuetan. Mondragon taldeko enpresak 121 milioi euroren galerak izan zituen iaz, aurreko urteko 36 milioi euroren galeraren gainetik. Galeraren zati handi bat kontabilitate kontuei dagokie. Izan ere, egoerak okerrera egin dezakeen beldur, kooperatibak hornikuntza handiak egin ditu aurten edo datozen urteotan izan ditzakeen galerak estaltzeko. Zehazki, Eroski kooperatibak (taldeko enpresa nagusiak) 214 milioi euro baztertu ditu. Horren ondorioz, 2011n lortutako 42 milioi euroren irabaziak 60 milioiren galerak bilakatu ziren iaz. Hornikuntzengatik izan ez balitz, Eroski kooperatibak 100,1 milioi irabaziko zituen. Hedabideei bidalitako agirian, Eroskik nabarmendu du bere negozio hutsak irabaziak ematen dituela (Ebitda errepikariak), 265 milioi eurorenak.
Guztira, Eroski Taldeak 6.222 milioi euroren salmenta garbiak egin zituen iazko zerga urtean (2013ko urtarrilaren 31ren aurreko hamabi hilabeteak), aurrekoan baino %5,3 gutxiago. Elikadura arloan salmentak %2,5 txikitu zaizkio, "sektoreko bilakaera onenetakoa". Hamar eurotik sei supermerkatuetan saltzen ditu orain Mondragoneko taldeak. Salmenten jaitsiera batez ere hipermerkatuetan antzematen da, herritar askok erosketa handiak alde batera utzi eta egunerako behar dutena erosteko joera hartu baitute.
Eroskik 2013-2016 aldirako plan estrategikoa aurkeztu du, negozioa suspertzeko helburuarekin. Hasteko, ekainetik arrera, 3.000 produkturen prezioak jaitsi egingo ditu. Gainera, zabaldu egingo ditu Zarauzko hipermerkatuan eta Iruñeko supermerkatu batean martxan jarritako denda eredu berriak. Bi horietan salmentak %15 handitzea lortu du, elikagai freskoei eta bertako produktuei arreta handiagoa jarrita. Eredu berria ezarriko dute aurten beste sei hipermerkatutan (lehenengoetarikoa Garberakoa izango da, Donostian) eta 113 supermerkatutan.