EKARPENAK

Eroskik 22,4 milioiren interesak ordainduko dizkie bihar ekarpenen erosleei

Datorren urtean %3,062ko interesa jasoko dute 2007ko ekarpenak erosi zituztenek eta %3,562 aurreko jaulkipenetan parte hartu zutenei.

Iker Aranburu.
2014ko urtarrilaren 30a
18:09
Entzun

Eztabaida handia sortu da azken urteotan Eroskiren finantza ekarpenekin, bezero askok salatu dutelako engainatu egin zituztela, gordailu arrunt bat kontratatzen ari zirela sinestarazi zietelakoan. Banakako epaiketa batzuren ondoren, astelehen horretan taldekako lehen epaiketaren epaia jakinarazi zuen Bilboko Marcos Bermudez epaileak. Eroski absolbitu zuen, eta iruzurra BBVAk egin zuela ebatzi zuen,  bezeroei okerreko informazioa emateagatik. Salaketa jarri eta irabazi zuten 68 bezeroek ez dute, ordea, jarritako dirua berehala berreskuratuko, BBVAk epaiaren aurkako helegitea jartzea erabaki baitu. 

Epaiketak epaiketa, eta eztabaidak eztabaida, ekarpen horiek indarrean daude, eta azken 11 urteotako urtarrilaren 31 guztietan bezala, bihar ere inbertsio horrek dakarren interesa jasotzeko ordua iritsi zaie erosleei. 2002tik 292,4 milioi euro ordaindu ditu Eroskik interesetan. Guztira, Elorrioko kooperatibak 660 milioi euro lortu zituen ekarpenen bidez, eta bere hedapena finantzatzeko balio zituen, eta horren barruan Capraboren erosketa.

Eroskik agiri baten bidez azaldu duenez, 2002an ekarpenak erosi zituztenek (90 milioi saldu ziren) dagoeneko orduan jarritako diruaren %63 berreskuratu dute interesetan; 2004ean erosi zutenek, berriz, jarritakoaren %51 eta, azkenik, 2007koaren erosleek %31. Azken ekarpen horrek inbertsio txikiagoa ematen du (Euribor + %2,5) lehenagokoek baino (Euribor + %3). Horren ondorioz, 2002 eta 2004ko  ekarpenek %3,562ko interesa ordainduko dute 2015eko urtarrilaren 31n, eta %3,061ekoa 2007koek.

Bankuek saldutako lehentasunezko parte hartzeetan ez bezala, finantza ekarpenetan derrigorrez ordaindu behar dira interesak. Gainera, ekarpen horiek merkatuetan balioa galdu arren, beti hasieran zuten balioaren gaineko interesa ematen dute.  Hain zuzen ere, ekarpenek balio galtze handia izan dute azken urteotan, haiek erosteko interes gutxi zegoelako, eta Eroskiren finantza zailtasunek interesatuak uxatu dituztelako. Azken egunotan, ordea, balioa  berreskuratzen aritu dira, Eroskik ekarpenak trukatzeko egindako proposamenaren ondoren. 2002ko eta 2004ko ekarpenek hasierako balioaren %38tik %42ra igaro dira, eta 2007koek, berriz, %32,4tik %41,5era. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.