Enpresak

Eroskik 58 frankizia ireki zituen iaz

Herrialde Katalanetan zabaldu ditu gehienak: 25. 8,7 milioi euro baino gehiago inbertitu du, eta 346 lanpostu sortu. Frankizia erako hirurehun denda baino gehiago ireki ditu sei urtean.

Eroskiren dena bat, Iruñean. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 18a
12:32
Entzun

Eroskik 58 frankizia ireki zituen 2019an. Guztira, 8,7 milioi euro baino gehiago inbertitu zituen, eta 346 lanpostu sortu. Hego Euskal Herrian zortzi denda berri ireki ditu. Gehienak, baina, Herrialde Katalanetan zabaldu ditu: 25. Galizian zortzi ireki ditu, eta Espainian, hamazazpi: Gaztela eta Leonen bost, hiruna Andaluzian eta Madrilen, bina Aragoin eta Gaztela Mantxan eta bana Kantabrian eta Errioxan.

Taldeak azaldu duenez, «aurreko urteetako irekieren erritmoari» eusten dio: azkenengo sei urteetan hirurehun denda baino gehiago zabaldu ditu, eta gaur egun frankizia erako bostehun supermerkatu baino gehiago ditu. Datozen urteei begira, azpimarratu du «fokua» lurralde hauetan jarri duela: Andaluzian, Madrilen, Gaztela Mantxan, Extremaduran eta Herrialde Katalanetan. 2020ari begira, kooperatibaren asmoa da hirurogei bat frankizia berri zabaltzea. Irabaziei dagokienez, azaldu du era horretako supermerkatuen sareak %5 gehiago saldu zuela iaz.

«Tokikoaren alde»

Eroskik supermerkatu formatu bat baino gehiago du. 2017an martxan jarri zituen Rapid saltokiak, eta «oso harrera ona» izaten ari direla azpimarratu du. Komenentziako autozerbitzu bat da Rapid, ordutegi zabala duena, hamabost ordu egunero zabalik (08:00-23:00), urteko 365 egunetan eta 150 metro koadro dituena. Horrelako hogei bat denda ditu, Herrialde Katalanetan eta Madrilen, bereziki.

«Oso garrantzitsua da haztea, baina are gehiago sare osasuntsua eta sendoa izatea; horregatik, oso zorrotzak gara frankizia bihur litezkeen kokalekuak eta soslaiak hautatzeko orduan. Eroskiren frankiziek ezaugarri jakinak dituzte: hurbil-hurbilekoak dira, denda dagoen eskualdeko produktuak salgai jartzen dituzte, eta freskoen eta elikagaien sail handia izaten dute», azaldu du Enrique Martinezek, Frankizia Saileko zuzendariak. «Zinez inplikatzen gara gizarte erantzukizunean eta gu gauden eskualdeen garapenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.