Eroskik gezurtatu egin du Caprabo salduko duela

Goizean zabaldu da Kataluniako supermerkatu katea salduko zuela zioen albistea. Kooperatibak bazkide berriak bilatzen jarraitzen du zorraren ordainketa epeak betetzeko.

Burlatako (Nafarroa) Caprabo supermerkatua. IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 23a
13:01
Entzun

Eroskiko iturrien arabera, «Caprabo supermerkatuak aktibo estrategiko bat dira, eta ez daude salgai». Gaur goizean La Vanguardia egunkariak argitaratu du Eroskik Caprabo salduko duela zioen albistea, baina gezurtatu egin dute Elorrioko kooperatibako arduradunek. Hala zioen Kataluniako kazetaren albisteko titularrak: «Hamahiru urteren ostean, Eroskik Caprabo saltzeko prozesua abiatu du».

Eroskik, hori bai, berriz ere martxan jarri du bazkide berriak bilatzeko prozesua, koronabirusaren krisiak eragindako geldialdiaren ostean. Elorrioko kooperatibak joan den urtean birfinantzatu zuen bankuekin duen 1.540 milioi euroko zorra, bost urterako.

Orduan kooperatibako iturriek BERRIAri aitortu ziotenez, ez zuten guztiz baztertzen bere negozioaren atalen bat saldu behar izatea, baldin eta bere mozkinekin ez bazuten lortzen nahiko diru bankuekin hartutako konpromisoak betetzeko. Mozkinak lortzeko bide horretan, ordea, aurrerapauso nabarmena egin du Eroskik azken urtean: 45 milioi eurotik gorako etekina lortu zuen 2019an.

Kooperatibak zorra ordaintzeko har ditzakeen beste bide batzuen artean, «bazkide berriak» bilatzea da lehen aukera —Eroskik PwC (Pricewaterhouse Coopers) aholkularitza agentziari eman zion ardura hori—. Taldearen negozio arrunta ez diren adarretarako baliatuko luke hori Eroskik. Gaur egun, Eroski markako hipermerkatuak eta supermerkatuak ez ezik, aipatutako Caprabo markako saltokiak, Forum kirol dendak, gasolindegiak, Eroski Bidaiak eta optika dendak ere baditu taldeak.

Denda berrituak

Azken urtean Eroskik egindako inbertsio gehienek, gainera, dendak berritzeko eta Zurekin eredura egokitzeko balio izan dute; tartean, Caprabo saltokiak. Orain 845 denda baino gehiago daude eraldatuta, eta horietan saltzen ditu taldeak elikagaien %80 pasa. Elorriok nabarmendu du salmentak handitu egin direla sarea eredu berrira eraldatu den eskualde guztietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.