Eroskik Intermarcheri saldu dizkio Ipar Euskal Herrian zituen dendak

Iparraldean eta Frantziako hegoaldean zituen hogei saltoki eta hamasei gasolindegi saldu dizkio, 300 bat milioi euroren trukeLortutako dirua zorra finantzatzeko erabiliko du Elorrioko banaketa taldeak

Donostia
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian dendarik gabe gelditu da Eroski. Euskal Herriko banaketa talderik handienak Intermarcheri saldu dizkio han eta Frantziako hegoaldean zituen saltokiak, hogei guztira: sei hipermerkatu, hamalau supermerkatu eta hamasei gasolina zerbitzugune. Gutxienez horietako hiru Iparraldean zeuden, Maulen, Miarritzen eta Hendaian. Operazioaren inguruko zenbakirik eman ez duten arren, hogei saltokien truke Eroskik 300 bat milioi euro jaso dituela jakinarazi dute zenbait informazio iturrik.

Astelehenera arte Carrefourrekin erdi bana zituen Altis taldeko hogei denda horiek, baina haien merkataritza eta enpresa kudeaketaz euskal taldea arduratzen zen. Urtea bukatu arteko lankidetza hitzarmena zuten bi taldeek, baina, herenegun,Carrefourren zatia erostea erabaki zuen Eroskik. 153 milioi euro pagatu zizkion, hortik ondoriozta daiteke salmenta operazioari esker 300 milioi euro inguru jasoko zituela taldeak.

Itxura denez, Eroskik eta Intermarchek —bazkideak dira Alidisen, banatzaile independenteen nazioarteko aliantzan— asteak zeramatzaten negoziatzen. Talde frantziarrak, ordea, ez zuen ezer sinatu nahi Carrefourrek bere partea Eroskiren esku utzi arte. Altiseko bi bazkideek salerosketa operazioa itxita, Eroskik egun bakar bat nahikoa izan du hogei saltokiak Intermarcheri saltzeko.

Iaz 499 milioi euro fakturatu zituzten Altis taldeko sei hipermerkatu eta hamalau supermerkatu horiek.

Aspaldiko lankideak

Hamar urte baino gehiago dira Eroskik eta Carrefourrek lankidetzarako lehen akordioa sinatu zutela. Horri esker, Eroskik presentzia izan du Ipar Euskal Herriko eta Frantziako merkatuetan, baina bere izena erabili gabe. Hasiera batean, Continent eta Champion markak erabiltzen zituen, biak ere Carrefourrenak. 2008an, ordea, marka horiek desagerraraztea erabaki zuen Frantziako banaketa talde nagusiak eta munduko bigarrenak —AEBetako Wal-Mart da handiena—. Orduz geroztik, Carrefour marka darabilte taldeko supermerkatu guztiek.

Ipar Euskal Herriko eta Frantzia hegoaldeko hogei saltokiak Irtermarcheri salduta ahalegin guztiak «sare estrategikora» bideratu ahal izango dituela adierazi du Eroskik. Operazioa, baina, taldearen desinbertsio estrategiaren barruan kokatu behar da. Urteetan egindako inbertsio eta erosketen ondorioz pilatutako zorra finantzatzeko, jabetzan zituen ondasunak saltzen hastea erabaki zuen orain urte batzuk, eta bide horretan urrats garrantzitsuak egin ditu Elorrioko taldeak. 2009aren bukaeran 2.495 milioi euroko zorra zuen, horietatik 1.600 milioi euro Caprabo taldea bereganatzearen ondorioz. Duela bi urte 307 milioi euro murriztu zuen kopurua, eta iaz beste 454 milioi eurotan. Aurten zenbat amortizatu duen datorren maiatzean jakinaraziko du taldeak, urteko emaitzak kaleratzen dituenean. Dena dela, zorra finantza erakundeekin hitzartu baino bizkorrago itzultzen ari da.

Carrefourrek, berriz, astelehenean bertan, Altis taldearen erdia Eroskiri saldu bezain pronto jakinarazi zuen Guyenne & Gascognebereganatu nahi duela; 1966tik bere frankizia katea da. Horretarako, EEP erosteko eskaintza publiko bat egingo du aurki. Carrefourreko akzio bakoitzari 74,25 euroko balioa emanda, 3,9 titulu eskainiko ditu Guyenne & Gascogneko akzio bakoitzaren truke.

Eroski taldea

Eroski taldeak 85,3 milioi euro galdu zituen iaz, 2009an baino %12,7 gehiago. Eroski Kooperatibak, ordea, 93 milioi euro irabazi zituen. Taldeak 44.649 langilerekin bukatu zuen urtea, 2009an baino %6 gutxiagorekin, eta horietatik 8.800 bazkideak ere baziren. Azken horien artean 31 milioiren irabazi eta interesak banatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.