Finantzak

Eroskiren ekarpenak trukatzea onartu dute erosleen %62k

Onartu ez duten hamar mila lagunei zor horren interesak pagatzen jarraituko du kooperatibak

Iker Aranburu.
2016ko urtarrilaren 28a
19:05
Entzun

Urtarrilaren 15etik atzora arte zabalik egon da Eroskiren ekarpenak trukatzeko eskaintza. Trukea onartu dutenek —20.000 lagun inguruk—, astelehenean bertan jasoko dute bonu berria. Zor horrek hasierako ekarpenaren %55aren balioa izango du. Hamabi urteko epe barru kitatuko du zorra Eroskik, eta bitartean Euriborra gehi %3 ordainduko die urtero bonu hori dutenei.

Elorrioko kooperatibaren eskaintza onartzen dutenek hasieran jarritako diruaren %30ari uko egin behar izan diote, beste %15 eskudirutan jasoko dute

Truke eskaintza aukerakoa zen, eta ezezkoa eman diote 10.000 lagun inguruk (inbertitzaileen %38k). Horrek esan nahi du 280 milioi euroren zorra duela kooperatibak lagun horiekin.

Trukea onartu zein baztertu dutenei 20 milioi euro ordainduko dizkie  igandean Eroskik, 2015eko interesen truke.

Ekarpenei eusten diotenek 2017ko urtarrilean jasoko dute hurrengo ordainketa, aurtengo interesei dagokiena. Jarritako diruaren %3,022 jasoko dute ekarpena 2002an, 2003an edo 2004an erosi bazuten, eta diruaren %2,522 2007an erosi bazuten.

Eroskik nabarmendu duenez, interesetan 332,8 milioi pagatu ditu. Ekarpenen bidez jasotako 660 milioi euroen erdia da hori.

Ekarpenen erosle asko kexu dira engainatu egin zituztela, uste baitzuten gordailu bat erosten ari zirela, eta dirua nahi zutenean berreskuratu ahal izango zutela. Baina ez, ekarpena menpeko finantza produktu bat, eta Eroskiren esku dago dirua itzultzea. Auzitegietara jo duten askok dirua bueltan jaso ahal izan dute, epaileek ebatzi dutelako ekarpenak saldu zituzten bankuek okerreko informazioa eman zietela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.