ekonomia

Eroskiren eta Fagorren ekarpenak gaizki saldu ziren "zantzuak" ditu Kontsumobidek

Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendariak salatu du bankuek trabak jarri dizkiotela, eta hiruren aurkako prozedura ireki du, informaziorik ez diotelako eman.

Iker Aranburu.
2013ko irailaren 23a
19:09
Entzun

Kontsumobidek zigor prozedura jarri du abian hiru finantza erakunderen aurka, Eroskiren eta Fagorren finantza ekarpenen auziarengatik eskatutako informaziorik helarazi ez diotelako. Ekarpen horien salmenta okerraren «zantzuak» daudela ziurtatu du Elena Unzueta Kontsumobideko zuzendariak, erosi zuten askok esan dutelako ez zekitela betiereko produktu bat kontratatu zutela.

Eusko Legebiltzarreko Kontsumo batzordean lehen agerraldia egin du Unzuetak. Uztailean hartu zuen kargua, haren aurreko Belen Greavesek dimisioa eman baitzuen Eroskiren eta Fagorren ekarpenetan kooperatibak errugabetzen zituen adierazpen publiko batzuk egin baitzituen. Legebiltzarrak Kontsumobideren esku utzi zuen bitartekaritza egitea ekarpenak jaulki zituzten (Eroski eta Fagor), saldu ztuzten (hamar banku) eta erosi zituztenen artean (30.000 lagun inguru). Guztira, 844 salaketa jaso ditu kontsumo institutuak.

Bere agerraldian, Unzuetak onartu du zaila dutela aferari buruzko «argazki osoa» ikustea, ekarpenak saldu zituzten finantza erakunde batzuk «trabak» jartzen ari zaizkielako. Izan ere, hamar banku eta kutxari eskatu die Kontsumobidek informazioa, baina horietatik bostek baizik ez dute erantzun; bik denbora gehiago eskatu dute, eta hiruk ez dute erantzun ere egin. Unzuetak ez du jakinarazi nahi izan zeintzuk diren, baina aurreratu du zigor prozedura abian jarri duela haien aurka.

Oro har, bankuek esan dute ez dutela akatsik egin produktu horiek saltzean eta, hortaz, ezin zaizkiela ardurak eskatu. Baina azalpen horiek ez dute Unzueta konbentzitu. Kontrakoa dio, dauden «zantzuen» arabera irregulartasunak bankuek egindakoak direla. Jaso dituen 833 salaketetatik, %81ek diote ekarpenak ez zituztela eskatu eta bankuek aholkatuta erosi zituztela. «Gehiengo izugarri» batek ziurtatu du ez zekiela eperik gabeko produktu bat erosten ari zirela, eta gehiengo handi batek dio esan zietela bost urteko epean inbertsioa berreskuratu ahal izango zutela.

Zuhur mintzatu da Unzueta, eta «zantzuak» baino ez ditu aipatu, ez baitu salmenta irregularrak egiaztatzen dituzten bideo edo audio frogarik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.