Finantza egoerari buelta emateko lehian jarraitzen du Eroski taldeak. 2014. urteko urtarriletik otsailera galerak murriztea lortu zuen. Berezki, finantza gastuak %14 murrizteari esker galdutako diru kopurua mugatu du taldeak. CNMV burtsa ikuskatzaileari urteko lehen seihilekoan izandako emaitzei buruzko informazioa igorri dio gaur konpainiak.
Finantza gastuak alde batera utzita, ohiko negozioaren etekin operatiboa 28 milioi eurokoa zen. "Merkataritza jarduera nagusiaren indarra erakusten du horrek", Eroskiren aburuz. Enpresaren kosteak %5,7 jaitsi ziren, halaber.
Hala ere, salmentetan krisiaren ondorioak eta kontsumoaren ahuleziak islatu ziren. Eroskiren arabera, fakturazioa 3.201 milioi eurokoa izan zen urteko lehen erdian, aurreko urtean baino %2,7 gutxiago.
Finantza erakundeekin zorra berregituratzeko akordioa lortzea izan zen taldearen lehentasuna urteko lehen hillabeteetan. Otsailetik ekainera zorpetzetik 23 milioi euro itzuli ditu Eroskik. Oraindik ere, 2.980 milioi euroko zorra du pilatuta, baina bankuekin lortutako hitzarmenari esker, etorkizunera begirako bermeak daudela uste du Agustin Markaide presidenteak.