Inflazioaren azpiko soldata igoerak; soldaten igoerak enpresen egoerari eta produktibitateari lotzeko konpromisoa; enpresaburuek hitzartutako lan baldintzak bertan behera uzteko aukerak; lanaldietan, langileen egitekoetan eta soldatetan malgutasun handiagoa; eta enpresetako lan itunen nagusitasuna, probintzietakoak ahaztu gabe. Horiek dira, hilabete luzeetako negoziazioaren ostean, Espainiako CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta CEPYME patronalek datozen hiru urteetarako hitzartutako baldintzak. Atzo onartutakoa akordiorako oinarria da. Sindikatuen eta patronalen zuzendaritzek berretsi behar dute gaur. Sinatu egun batzuk barru egingo dute, agian datorren astean.
Oraindik ikusteko dago hitzartutakoak Hego Euskal Herrian zer-nolako eragina izango duen: alde batetik, ELA eta LAB Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nagusi direlako eta hitzartutakoaren kontra daudelako; bestetik, Confebaskek, CCOOk eta UGTk argitu beharko dutelako ea Hego Euskal Herrian ere Espainian hitzartutakoa bultzatuko duten.
Fernando Lezcano CCOOko Komunikazio idazkariaren esanetan, akordioa lortuta eta soldaten igoerak mugatuta, jada ez da lan erreforma behar. Baina Espainiako Gobernuak lan erreforma onartuko du, atzoko akordioak aldatuko ez dituen funtsezko bi aldagai aldatzeko: kontratu motak eta kaleratzeen baldintzak.
Soldatak
CCOOk, UGTk, CEOEk eta CEPYMEk datozen hiru urteetarako hitzartutako soldata igoerekin langileek erosteko ahalmena galduko dute. Proposatu dituzten soldata igoera guztiak inflazioaren azpikoak dira, eta igoera horiek berrikusten diren kasuetan ere, inoiz ez dira izango inflazioaren parekoak edo handiagoak.
Kopuruak apalak dira: aurten, gehienez, %0,5eko soldata igoera; 2013an %0,6koa; eta 2014an Espainiako barne produktu gordinaren (BPG) hazkundearen araberakoa (2013. urtekoa). 2014an soldata igoera berrikusteko, Espainiako BPGak %1 hazi behar du. Soldata igoera gutxienez %0,6koa izango litzateke, eta gehienez %1,5ekoa.
2012ko eta 2013ko soldaten igoera berrikusi ahal izango da, betiere urte horietan Espainiako inflazioak %2a gainditzen baldin badu. Dena den, kasu horretan, alderatu egingo dira Espainiako inflazioa eta euroguneko kontsumorako prezioen indize harmonizatua, eta bietatik apalena hartuko da aintzat soldaten igoera eguneratzeko. Edo bien arteko batez bestekoa kalkulatuko dute. %2tik gora dagoen kopurua bakarrik gehituko zaio soldata igoerari: inflazioa %2,4koa baldin bada, %0,4. Igoera ez da betiko izango, urte horretarako bakarrik baizik.
Enpresaren irabaziak
Akordiorako oinarriak enpresen irabaziei buruz hitz egiten du. Soldatek bezala «neurrian» hazi behar dutela dio. Eta irabazien zati nagusia ondasunak berritzeko eta handitzeko inbertitu behar dela. Baita enpresetako goi kargudunen soldatak «egokitu» behar direla ere. Baina testuan ez dago enpresen irabaziak eta goi kargudunen soldatak mugatzeko neurri zehatzik.
Baldintzak bertan behera uzteko aukera
Enpresek bertan behera utzi ahal izango dituzte langileekin hitzartutako hainbat lan baldintza, betiere horrek enpleguari eusten laguntzen badu: ordutegiak eta lanaldiaren banaketa, txandak, ordainketa sistema, lan sistema eta funtzioak. Neurriak behin-behinekoa izan behar du, baina akordioan onartu dute hiru urte arte luza daitekeela.
Lan hitzarmenetan zehaztu beharko dituzte arrazoiak. Akordiorako oinarri batzuk aipatu ditu: alde batetik, enpresaren diru sarrerak etengabe jaistea; bestetik, lan baldintzak aplikatzeak enpresaren egoera okertzea.
Enpresak eta langileek adostu beharko dute hitzartutakoa indargabetzea. Akordiorik lortzen ez badute, hitzarmenaren batzorde parekidera jo beharko dute.
Malgutasuna
Lanaldiaren, funtzioen eta soldaten malgutasuna hitzartu dute. Bi malgutasun mota bereizi dituzte, ohikoa eta ezohikoa. Ohikoan, esaterako, enpresariak nahi bezala antolatu ahal izango ditu langileen urteko lanorduen %10, eta bost eguneko poltsa bat izango du (40 ordu), urteko egutegiaren antolaketa aldatzeko.
Ezohikoan, malgutasun neurriak handiagoak izango dira, «enpresaburuak behin-behineko premiak dituenean», arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, antolaketagatik edo produkzioaren premiengatik.
UGT, CCOO, CEOE eta CEPYMErentzat soldatek «osagarri aldakorrak» izan behar dituzte, hau da, soldataren zati batek enpresaren egoeraren eta emaitzen araberakoa izan behar duela. Soldatak kalkulatzeko produktibitatea ere aintzat hartzea nahi dute.
Negoziazio kolektiboaren egitura
Akordiorako oinarriak dio Espainiako eta autonomia erkidegoetako lan itunek garatu behar dutela negoziazio kolektiboaren egitura. Zenbait irizpide zehaztu ditu: batetik, enpresetan negoziatu behar direla lanaldia, funtzioak eta soldatak; bestetik, eutsi egin behar zaiela probintzietako hitzarmenei, «enpresei eta langileei babes handiena ematen dien eremua baita». Probintzietakoak bertan behera uztea izan da enpresaburuen eskaera nagusietako bat.
Erosteko ahalmena galtzea hitzartu dute CCOOk, UGTk eta CEOEk
Sindikatuek eta patronalak soldata igoerak inflazioaren azpikoak izango direla bermatu dute: %0,5ekoa aurten, eta %0,6koa 2013anEnpresetako lan itunek lehentasuna izango dute, probintzietakoak ahaztu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu