Petrolioaren garestitzea

Erregaia merkatzeko zergak jaistea proposatu dio EHNEk Madrili

EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartearen arabera, erregaiaren igoera kalte handia egiten ari zaie baserritarrei, batik bat, Arabakoei eta Nafarroakoei; hau da, zereala lantzen duten eremuetakoei. Hori dela eta, hidrokarburoen gaineko zergak jaisteko eskatu dio EHNEk Espainiako Gobernuari, hura baita horretarako ahalmena duena.

2004ko urriaren 14a
19:38
Entzun
Eskaria plazaratzeko elkarretaratze bi egin ditu EHNEk: bat Gasteizen eta bestea Iruñean, hiriburu batean eta bestean Espainiako Ordezkaritzen atarietan.

Unzalu Salterain EHNEko batzorde eragileko kideak azaldu duenez, gasolioaren salneurria merkatzeko bidean ezinbestekoa da jartzen zaizkion zergak murriztea. Hain zuzen ere, nekazariek erabiltzen duten erregai litro bakoitzari hiru zerga ezartzen zaizkio.

Hidrokarburoen Zerga Bereziak, esaterako, 0,079 euro garestitzen du gasolio litroa, eta EHNEk 0,021 eurora jaistea eskatu dio Zapateroren gobernuari. Erkidegoak finantzatzeko, berriz, beste 0,006 euroko zerga dute erregaiek, eta hori desagertzea proposatu dute nekazariek. Azkenik, BEZaren kopurua %16 izatetik %7 izatera pasatzea nahi dute.

Murrizketa guztiak kontuan izanik, erregai litro bakoitza 0,527 eurotik 0,418 eurora jaitsiko litzateke.

Espainiako Gobernuak, orain arte, uko ezetz esan dio gasolio profesionalaren aldarrikapenari. EHNEtik, aldiz, beharrezkotzat jo dute egoera bideratzea, Europako beste herrialde batzuetan antzeko neurriak martxan jarri direlako. Azken bost urteotan gasolioaren prezioa %40 garestitu dela ohartarazi dute, baserritarren errenta igo ez den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.