ERREGAIA. Petrolio garestia, are garestiago

Kontsumitzaileek erregaiaren prezioa finkatzeko «gardentasun falta» salatu eta «neurri eraginkorrak» eskatu dituzte

Leire Olaetxea.
2004ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Hezi gabeko animalia bezalakoa dela frogatu zuen asteon petrolioak. Egunetik egunera, gehieneko prezioen teilatua apurtu eta balio berri bat ezarri zuten Londreseko erregaiak,baita AEBetakoak ere. Ostiralean inoizko preziorik garestienera iritsi zen, 41,50 dolarrera Brent upela eta 44,77 dolarrera AEBetakoa. Kontsumitzaileek onartu zuten petrolio konpainiek mesfidantza eragiten dietela eta «kalte handiagoak» saihesteko, neurri eraginkorrak aldarrikatu zituzten.

Koldo Navascues Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakuntzako zuzendariak ohartarazi zuenez, «argi dago enpresa banatzaileek adarra jotzen digutela». Navascuesek prezioak finkatzeko sistema «gardenagoa» aldarrikatu zuen eta energia berriztagarriak sustatzeko eskatu. «Bai enpresa mailan, bai etxean erabiltzeko ere».Izan ere, Erregai Saltzaileen Elkarteak azken egunotako prezioen bilakaera neurtu du eta azaldu zuenez, 0,6 eta 1,2 zentimo bitartean garestitu zituzten prezioak, batez bestez, Cepsak, BPk eta Repsolek. Elkarteak garestitze «ulergarrien» mugan direla azpimarratu zuen.Jose Maria Mujika OCU Espainiako kontsumitzaile elkarteko presidenteak ere egoera «kezkagarria» dela berretsi zuen. Mujikaren hitzetan, «gasolinaren hazkuntzak ez datoz bat errealitatearekin, bai ordea, albisteen bilakaerarekin». Petrolio banatzaileen prezio hazkuntzak «erabat frogagarriak» direnik zalantzan jarri zuen.Mujikak ohartarazi zuen prezio igoerak erregaiari ez ezik, bidaia agentziei, garraioari edota elikagaien banaketari ere eragingo diela. Bidaia agentziei leporatu zien prezio igoerak bezero ugari diren sasoietan egitea. OCUko presidenteak «petrolio enpresen arteko lehiakortasuna sustatzeko» neurriak aldarrikatu zituen, «egoera konpondu dadin».Euren lanbiderako funtsezko osagaia erregaia duten profesionalek ere gogor kritikatu zuten azken egunotako prezio hazkuntza. COAG Nekazarien elkarteak Europako Batzordeari eskatu zion nekazaritzako gasolioari profesional izendapena ematea. «Era horretan prezio igoerak eragindako galerak leunduko lirateke». «Benetako erantzunik jasotzen ez badugu, mobilizatzeko prest» dela jakinarazi zuen elkarteko bozeramaileak.CNTC Espainiako garraiolarien elkarteak, aitzitik, erregai garestiak Barne Produktu Gordinari uste baino gehiago eragin diezaiokeela aurreratu zuen. Datozen hilabeteotan gasolinaren eta gasolioaren prezioa bost edo sei zentimo igo daitekeela iragarri zuen Ovidio de la Roza elkarteko bozeramaileak.

«Prezio garestiarekin bizi»

Moncef Kaabiek, CDC Ixis Capital-eko analistak, azaldu zuenaren arabera, «erregaiaren prezio garestiekin bizi baino beste biderik ez dago». «Prezioaren hazkuntzak 2005. urtearen bukaera arte iraun dezake, erregai garestia eragin duten arrazoiak indarrean direlako oraindik». Jhon Snow AEBetako Altxorreko idazkariak, berriz, iragarri zuen «prezio garestiak ez duela AEBetako hazkuntza ekonomikoa bertan behera utziko».

LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak prezio hazkuntza moteltzeko, ekoizpena handituko duela iragarri zuen bigarrenez ostiralean. Eguneko 30 milioi upeletatik haratago, milioi bat eta 1,5 milioi upel bitartean handituko duela jakinarazi zuen Purnomo Yusgiantoro LPEEko presidenteak. BPk ere AEBetan erretako findegia lanean hasiko dela iragarri zuen.Adierazpen horiek egin ostean jaitsi zen erregaiaren prezioa eta itxieran 40,65ekoa zen Brentaren prezioa eta 43,95 dolarrekoa AEBetako petrolioa. Dena dela, irailaren 14 egingo duten bileran gaia eztabaidatu aurretik ez dutela ekoizpen hazkuntzarik abian jarriko ohartarazi zuen. Hornikuntza arazoei beldurra aipatu zuen Loiola de Palacio Energia eta Garraio komisarioak, petrolio garestiaren arrazoiak azaltzeko eskatu ziotenean. «Erregaiaren garestitzea espekulazioaren ondorioa da, merkatuetan ez baitago petrolio eskasiarik». De Palaciok azpimarratu zuenez, «zoritxarrik handiena gertatuta ere, ez da izango hornikuntza arazorik». «Egoera larriei aurre egiteko prestatzen ditugu segurtasuneko hornikuntza politikak».De Palacioren arabera, egiturazko zenbait baldintza batera gertatu direlako igo da petrolioaren prezioa. Besteak beste, Txinako eskariaren hazkuntza, AEBetako suspertze ekonomikoa, Irakeko gatazka eta Nigeriako, Venezuelako eta Errusiako arazo politikoak eta ekonomikoak aipatu zituen. «Horrenbestez, oinarri bakoa da egungo ziurgabetasuna».

-

ATXIKIPENAK



Erregaiaren prezioaren %60 baino gehiago zergak dira



Petrolio Produktuen Elkarteak urtero plazaratzen duen txostenaren arabera, gasolinaren azken prezioaren %60 baino gehiago zergak ziren 2003. urtean. Berunik gabeko gasolinaren %62,11 eta A gasoleoaren %55,99, zehazki. Zerga horien artean Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta hidrokarburo jakin batzuen gutxiengo salmenten zerga (IVMDH) aipatzen dira txostenean.

BEZaren kasua aipagarria da. Izan ere, zerga hori beste gainerako zerga guztiak zenbatu ondoren kalkulatzen da. Gainerako zergak bildu baino lehen litroko %6ko zenbatekoa atxiki beharko litzateke. Ondoren eginez gero, %16koa da.Zergak salbuetsita berunik gabeko erregaien %37,88 gasolinaren kostuei dagozkio. Fiskalitateari dagokionez, litro bakoitzeko %2,93 IVMDHrena da. Gasoleo Aren kasuan %44,01koak ziren kostuak 2003an. Zergak ez diren kostuen %66,78 nazioarteko merkatuko kotizazioari zegozkion eta IVMDHri %3,44 litro bakoitzeko.Aurtengo ekitaldian, berriz, urte hasieratik abuztura arte gasolinaren prezioa %14,5 igo da Espainian eta urte bukaerarako %20ko hazkundea iragarri dute. Urtarrilean, berunik gabeko litroaren prezioa 0,800 zentimokoa zen. Abuztuan, berriz, 0,908 zentimokoa. A gasolioaren prezioa 0,699 zen urtarrilean eta, 0,777, egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.