Beheranzko joerari eusten dio inflazioak Hego Euskal Herrian. Konfinamenduak eta haren ondoren piztutako krisi ekonomikoak hainbat produkturen eta zerbitzuren kontsumoa apaldu du, eta harekin batera behera egin dute prezioek. Eragin nagusia erregaietan eta argindarrean ikusi da, biak ala biak INEren hileroko saskian pisu handia duten elementuak.
Horrela, garraio atalean prezioak %0,6 txikitu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %0,7 Nafarroan. Azken urtean, berriz, jaitsiera %8,5ekoa da Nafarroan eta %7,6koa beste hiru lurraldeetan. Gasolindegietan nabarmen ikusi da merkatze hori, azken urteotako preziorik txikiena izan baitute erregaiek. Leku batzuetan eurotik behera ordaindu dute gasolioa.
Edonola ere, azken astean berriro garestitu da erregaia, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundea (LPEE) eta beste ekoizle handi batzuek iragarri ondoren murrizketekin jarraituko dutela. Gainera, jarduera ekonomikoa suspertzen hasteak kontsumoa handitu du, eta horrek prezioa igoarazi du.
Inflazioari tira egiten dion atala elikagaiena da. Salaketa batzuk jaso dituzte kate handiek, itxialdia erabili dutela prezioak igotzeko. Halakorik egin izana ukatu dute, eta eskaintzen gutxitzeari egotzi diote zenbait produkturen garestitzea. INEren datuek diote janaria duela urtebete baino ia %4 garestiago dagoela, baina maiatzean oso aldaketa txikia izan dela: %0,2 garestitu da EAEn, eta %0,1 merkatu, berriz, Nafarroan.
Maiatzean, gehien, fruitu freskoak garestitu dira (+%6,3), eta, haren ondotik, patatak (+%3,2). Arraina, ordea, %6 baino gehiago merkatu da, eta hala egin dute haragiek ere, arkumearenak salbu.