Erregaien marjinak %20 igotzea eragin du lehiakortasun gutxi egoteak

CNCk hainbat gomendio egin dizkio Espainiako Gobernuari, sektorea lehiakorragoa izan dadin

Erredakzioa
2012ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Erregaien sektoreari buruzko datu gehiagorekin heldu da CNC Lehiakortasun Batzorde Nazionala. Marraztu duen egoera ez da bereziki sektorea txalotzeko modukoa. Horren arabera, erregaien marjinak %20 inguru igo dira Espainian gasolinan eta gasolioan—krisia hasi zenetik 2010era arte—; Frantzian, berriz, %25 egin dute gora gasolinaren marjinek, eta %16 A gasolioarenak. Espainiako Gobernuaren eskariz egindako txostena atzo plazaratu zuten.

Uztailean batzordeak egindako txostenean jasotakoa berretsi du azken azterketak ere: erregaien sektorean ez dago «lehiakortasun nahikoa». Batez ere enpresen kontzentrazioak du eragina horretan, bai horniduran, banaketan eta salmentan enpresa gutxi daudelako—Cepsa, Repsol eta BP dira nagusiak—. Sektorean nagusi izateaz gain, petrolio-hodi guztien jabe den enpresarengan (CLH) duten eragina nabarmendu du lehiakortasun batzordeak. Cepsak kapitalaren %14,14 du, Repsolek %10 eta BP %5. Dena den, duela hamar urte %95 kontrolatzen zuten hiruren artean, gehiengo muga bat ezarri zen arte. Enpresen kontzentrazio horrengatik, gainera, nazioarteko hainbat enpresa Espainiatik joan dira.

Frantzian ez bezala, merkataritza gune handi eta ertainetan zerbitzuguneak irekitzeak ez du dinamizazio efektua eragin Espainian. Frantzian zerbitzugune horiek merkatuaren %60 inguru dira; Espainian, aldiz, %3 besterik ez.

Marjinak eta prezioak Europako Batasunean baino bi puntu handiagoak dira Espainian. Irailean Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, berunik gabeko 95 oktanoko gasolinaren marjina %15,5ekoa da, eta A gasolioarena, berriz, %15,1ekoa.Europan, aldiz, bai gasolinarena eta bai gasolioarena %13,3koak dira. Marjin horiek zergen bidez merkatzeko asmoa agertu zuen orduan gobernuak. Horrela, kontsumitzaileek gehiago ordain dezaten saihestu nahi dute, eta ekoizle eta banatzaileekin akordio batetara heldu. Aurreko txostenetan bezala, prezioak ezartzeko moduaren gaineko kritika ere egin du CNCk. Haren arabera, nazioartean petrolioaren prezioa igotzen denean azkar igotzen dira prezioak Espainian, baina prezioa jaisten denean, jaitsiera motelagoa da.

Irtenbide «globala»

Datuekin batera, hainbat gomendio argitaratu ditu batzordeak,23, hain zuzen. Proposamen horiek zuzenean Espainiako Gobernuari egindakoak direla gogorarazi du, gainera. Lehiakortasuna hobetzen laguntzeko, irtenbide «global bat» ezinbestekoa dela uste du CNCk.

«Beharrezkoak» dira zerbitzugune berrien irekiera ahalbidetzeko neurriak. Erregaien banaketa liberalizatu bazen ere, sektorearen egitura duela hamabost urtekoaren antzekoa dela nabarmendu du. Enpresen arteko elkarlana eta gardentasuna sustatzeko neurriak ere gomendatu ditu, baita erregai hornidurarako kontratuen iraupena gutxitzea ere. Horrekin batera, CLHren barruan hainbat aldaketa egitea proposatu du. Enpresetako administrazio kontseiluetan parte hartzen dutenek CLHen ez parte hartzea nahi du, eta baita gehienezko akzioen kopurua mugatzea ere: akziodun bakoitzak gehienez %5 izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.