Egoera ekonomikoa okertzen ari da, eta enpleguarena ere bai. Hiletik hilera langabeak gehitzen ari dira Hego Euskal Herrian. Enplegua erregulatzeko dosierretan sartutako langileak ere bai iazko azarotik. Aurtengo otsailean enplegua erregulatzeko 191 dosier onartu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iaz baino %85 gehiago. Dosier horietan sartutako langileak 2.998 izan dira, iaz baino %70gehiago. Urtarrileko igoera %73koa izan zen. Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak eman ditu datuak.
Gainera, aintzat hartu behar da Espainiako Gobernuak otsailean onartutako lan erreformak enpresei erraztu egiten diela dosierrak aurkeztea, aurrerantzean ez baitute Administrazioaren baimenik behar, eta langileak kaleratu ahal izango dituztela hiru hiruhilekotan jarraian diru sarrerak edo salmentak jaisten badituzte.
Otsailean onartutako 191 dosierretatik 138 aldi baterakoak izan dira, 44 lanorduak gutxitzeko eta bederatzi behin betikoak, langileak kaleratzeko. Bederatzi dosier horien bidez, 367 langile kaleratu zituzten otsailean, iaz garai berean halako zazpi.
Bizkaian onartu dute dosier gehien, 95, baina Gipuzkoan kaltetutako langile gehiago izan dira otsailean: 62 dosier eta 1.469langile. Adegi Gipuzkoako Enpresaburuen Elkarteak uste du aurten asko gehituko direla dosierrak aurkeztuko dituzten enpresak.
Iaz enplegua erregulatzeko dosierren kopurua asko jaitsi zen, 2009. eta 2010. urteekin alderatuta. 2009a izan zen, nabarmen, dosier gehien onartu zen urtea. Iazko azarotik, ordea, dosierrak eta kaltetutako langileak gehitzen ari dira, aurreko urtearekin alderatuta.
Erregulazio dosierretan sartutako langileen kopurua %70 igo da EAEn
Otsailean enplegua erregulatzeko 191 dosier onartu dituzte, duela urtebete baino %85 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu