Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolako zuzendaritzak 148 langileri eragingo dien lan erregulazio eskaera aurkeztu zion atzo Eusko Jaurlaritzari. 360 langile dauzka egun Navalek, eta erabaki horrek lanpostuen %40ari eragingo lioke, aurreratu baino gehiagori. Horrek haserretu egin ditu langileak. «Langileak iraindu ditu» ELA sindikatuaren ustetan. Horregatik, langileek mugagabeko lanuztearekin erantzun diote zuzendaritzari.
Dosierra enpresa batzordearen oniritzirik gabe aurkeztu du ontziolak, izan ere, «hasieran uste genuena baino gogorragoa da aurkeztu duen espedientea», Javier Legina langile batzordeko kidearen hitzetan. Ezustean harrapatu ditu. Izan ere, aurreikuspen guztien arabera, 124 langileri eragingo zien erregulazio espedientea aurkeztu behar zuen zuzendaritzak, «eta neurri hori negoziatzen hasteko prest geunden». Beste 24 langile horiek, ordea, era «traumatikoan» irtengo lirateke enpresatik, eta ez dira negoziazio mahaian eseriko kaleratze horiek atzera botatzen ez dituzten bitartean. Negoziazio mahaian esertzen ez diren bitartean, berriz, lanuzte mugagabeari eutsiko diote Navaleko langileak.
Enpresak aurkeztu duen dosierrak gizarte plan bat dakar berekin. Hau da, 148 pertsona kaleratuko dituen espedienteak, langile askorentzat irtenbideak eskainiko dituela. «Eskaintza hori ez dugu aztertu ere egin», dio Leginak. Zuzendaritzak 24 langile horiek kanpo zerbitzu bidez kontratatzeko aukera zabaldu du, garbiketan, zaintzan edo biltegian lan egitea proposatuz. Baina langile batzordetik ez dute nahi langile horiek kanpora ditzaten.
Ontziolako zuzendaritzak langileek eskatzen dituzten baldintzak beteko balitu, «negoziatuko genuke, beste aukerarik ez daukagulako». Edozein modutan, garbi ikusten du langileen kopurua murriztuz enpresa bere amaierara bideratuko dela. «Horregatik gaude negoziatzeko prest, hurrengo pausua itxiera izango dela uste dugulako».
ABBn ere ezustekoa
Trapagarango (Bizkaia) ABB enpresako langileek ere ezustean jaso zuten orain dela bi aste 180 langileri eragingo liekeen lan erregulazio espedientearen berri. Azken hiru urteetan 30 milioi euroko irabaziak izan ditu enpresak, «zuzendaritzak ezarrita zeuzkan aurreikuspenak hobetuz», Jorge Marcos langile batzordeko kidearen esanetan. Eta horrek ezustea areagotu egin zuen langileen artean.
Gaur egun ABBk 243 langile ditu Trapagarango bere egoitzan, horietatik 160 transformadoreen ekoizpenean lan egiten dutenak. Espedientearen ondorioz, azken multzoan dauden langile guztiak joango dira kalera, «eskulan merkea dagoen herrialdeetara eraman nahi baitute transformadore ekoizpena. Turkiara esate baterako», Marcosen arabera. Era horretan, ABBk Bizkaian duen egoitzak zerbitzuen esparrura bideratuko luke bere jardna, transformadoreen konponketa lanak egiteaz gain. Baina lan horretarako ez lituzke bertako langileak erabiliko. «Espainian lan egiten duten ABBko beste egoitzetako jendeak hona etortzeko aukera izango luke, bertako langile guztiak kalean utzita».
Pasa den urtean ere Trapagarango enpresak 88 langileri eragin zien lan erregulazio espediente bat aurkeztu zuen. Kasu honetan, erretiro aurreratua hartzeko aukera eman zien zuzendaritzak langileek, eta aldi baterako kontratua zeukatenak izan ziren kaleratu zituen bakarrak. Aurkeztu berri duen espedienteak, berriz, denei eragiten die. %67ak 37 urte baino gutxiago dauzka, eta %7ak bakarrik dira 55 urtetik gorakoak. «Langile horiek guztiak egoera traumatikoan geratuko lirateke, egungo lan merkatua oso kaskarra baita».
Langile batzordea duela hamabost egunetik ari da espedientea negoziatzen, baina ikuspuntu horretan ere enpresaren jokabidea ez du begi onez ikusten Marcosek. «Negoziatzera ez baitira Bilbora inguratu ere egin». Ostegun honetan amaitzen zaie negoziatzeko epea.
Erregulazioak «irainduta», mugagabeko lanuztea hasi dute Navaleko langileek
Zuzendaritzak atzo igorri zion dosierra Jaurlaritzari; langileen %40ri eragingo die, hasieran iragarritakoari baino gehiagoriEtzi amaituko da ABBko erregulazio dosierraren baldintzak negoziatzeko epea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu