Erregulazioek 47.000 lagun utzi dituzte lanik gabe Hegoaldean

Maiatza arte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 1.460 eskaera baimendu dituzte

Ivan Santamaria.
2009ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Maiatza arte 47.243 langilerentzako erregulazio eskaerak baimendu dituzte Hegoaldeko lan administrazioek. Dosierren erritmoa apur bat moteldu zen joan den hilabetean, eta kaltetu gutxien izan dituen hilabetea izan zen, urtarrila kenduta. Guztira, 7.511 behargin izan ziren.

Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak maiatza arteko erregulazioen datuak kaleratu ditu. Nafarroako Gobernuak apirila arteko datu ofizialak eskaini ditu soilik, baina joan den hilekoen berri eman zuen aurreko astean UGT sindikatuak. Zenbaketa guztietan Espainiako Lan Ministerioak tramitatzen eta onartzen dituen eskaerak falta dira.

Urtearen erdia igaro ez bada ere, iazko dosierren eragina txiki geratu da. Orotara, 21.419 langile geratu ziren iaz neurri horien menpe. Urteak aurrera egin ahala bi ondorio espero dira. Batetik, kaltetuen kopurua moteltzea, dagoeneko enpresa askotan martxan daudelako erregulazioak. Bestetik, lantoki batzuk luzapena eskatzea litekeena da, baimendutako epealdia agortu ondoren.

Oraingoz, kaleratze behin behinekoak dira gehienak. Hain zuzen ere, eragindako langileen %92rentzat behin-behineko neurria da, baina 1.824 lagunek behin betiko galdu dute lanpostua dagoeneko. Administrazioek behin eta berriro nabarmendu dute eskaera gehienak enpresaburu eta sindikatuek aldez aurretik adostuta iristen zaizkiela. Haatik, Jaurlaritzak 8.840 langileri - laurden bat ingururi - erregulazioa ezartzeko onartu dituen baimenetan ez zegoen akordiorik.

Bestalde, Laudiko Nubiola enpresan baimendutako erregulazioa «iruzur» egiteko baliatu dela salatu dute sindikatuek, eta horrekin amaitzeko esku-hartzea eskatu diote Lan Ordezkaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.