Errentagarritasuna eta ardura partekatua Mondragonen zutoin

Javier Sotilek utzitako lema hartu du Iñigo Uzinek, eta Euskal Herriko enpresa talde handiena aro berri batean sartu da. Autoexijentziaren bidez, kooperatibismoa bizi-bizirik eraman nahi dute 2020ra arte

Errentagarritasuna eta ardura partekatua Mondragonen zutoin.
xabier martin
Donostia
2016ko uztailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arizmendiarretaren obra arriskuan jarri zuen ekaitz perfektutik onik ateratzen jakin du Mondragon taldeak. Fagor Etxetresnek lehertutako denboralearen unerik gogorrenean etxe barrura begiratu, eta behar zuena aurkitu zuen: Euskal Herriko enpresa talde handiena izatera eraman duen balio kooperatibo funtsezkoenak eta horietan hezi eta hazitako lemazain bat. Erretiroa hartu du Javier Sotilek, Txema Gisasolak gori-gori utzitako lekukoa hartu zuen gizonak. Atzoko kongresu nagusiaz geroztik, Iñigo Uzin da Mondragon taldearen presidente berria —ofizialki abuztuaren 1ean hartuko du kargua—. Irabaziak eta bide orri argi bat duen ontzia jaso du Danobateko zuzendari nagusi ohiak. Ez da gutxi, kontuan hartuz orain bi urte galerak zituela eta pipiak jotzeko gertu zegoela.

Taldeko kooperatiba guztietan egindako urteetako hausnarketa prozesuaren emaitzak martxan jartzeko garaia iritsi da, beraz. Sotili egokitu zaio Mondragon berriaren zutoinak zein izango diren aurkeztea eta azaltzea azken bi kongresuetan, eta Uzini dagokio atzoko kongresuan 260 kooperatiben 650 ordezkarik onartutako bi txostenek jasotzen dituzten mandamentu berriekin kudeatzen hastea. Korporazioa 2020ra arte gidatuko duen mapan urrezko letraz idatzirik ageridira autoexijentzia eta ardura partekatua. Jarduteko modu berriak lotuta dakartza beste kontzeptu batzuk, esaterako, elkartasun arduratsua. Eta hori guztia gauza bat garbi uzteko: kooperatibek errentagarri izan behar dutela, negozio onik gabe ez dagoela gerorik. Etxetresnagile historikoaren porrota ez zen alferrik izan, bistan denez.

Horiek horrela, Arrasateko kooperatiben taldea berrikuntza sakona egiteko prestatu da, hala eguneroko jardunari begira nola filosofiaren zenbait aldagairi begira; nahiz eta fundaziotik oinarrian dagoen eraldaketa soziala ez den ukitzen. Aurrerantzean, autoexijentziak izan beharko du kooperatiben bandera. Mondragonek dio bazkideek «jabeak eta langileak direla», enpresetako protagonistak, eta «izaera bikoitza» ezin dela inondik inora ahaztu.

Enpresen arteko harremanei dagokienez, eta zehazki haien arteko elkartasunari dagokionez, badira berritasunak. Arrasatek «elkartasun arduratsua» eskatzen du. Elkartasun mekanismoak —laguntza ekonomikoa eta teknikoa— eskatzeko eta eskuratzeko baldintza batzuk bete beharko dira, laguntza horiek enpresen errealitatea benetan eraldatzeko emango direlako soilik, eta ez bideragarriak ez diren egoerak alferrik luzatzeko. Hala, kooperatiba eskatzaileak hainbat neurri hartu beharko ditu laguntza eskuratu aurretik, eta, lortzen badu, helburu zehatzak jarriko zaizkio. Areago, enpresatik kanpoko teknikoen esku hartzea ere onartu beharko du; gainbegiratze rol bat izango lukete, jartzen diren mugarriak betetzen doazen ala ez ikusteko eta erabaki berriak hartzeko, beharrezkoa bada.

Egitura berria aro berrirako

Aurretik esanda doa: taldeko kooperatibek beren burujabetasunaz erabaki zuten atzo hori guztia, aurkeztutako bi txostenak onartuta. Fagor Etxetresnen hondamendiaren harira azaleratutako hainbat inertzia kaltegarri eta jarrera desegoki zuzentzea da xedea, eta, areago, Mondragon 2020ra egoera osasuntsu batean eramango lukeen bide orria finkatzea.

Azkenean, errentagarri diren proiektuak nahi dira autoexijentzia maila handia duten gidari zein langile bazkideek bultzatuta, etorkizuneko lanpostuak bermatuko duena horixe bera delako: enpresak negozio onak izatea. Finantza tresna berriak ere izango dira aurki negozio berriak sortzeko, ekintzailetzaren bidez. Korporazioak zukua atera nahi dio aukera berriei, horretarako jakintza pilatua duela uste duelako, eta atal horretan taldearen dibisioek garrantzi handia izango dute.

Enpresen izaeraren araberako sailkapena ere aldatu egin da. Negozio motari begira, hamar dibisio egongo dira aurrerantzean: Finantzak (Laboral Kutxa), Banaketa (Eroski), Ekipo ondasunak (Danobat, Ideko, Mondragon Assembly...), Industria sistemak (Ulma), Autogintza (Fagor Ederlan, Cikautxo, Maier...), Ingeniaritza eta zerbitzuak (LKS, Sareteknika...), Osagaiak (Copreci, Matz...), Ezagutza (IK4- Ikerlan, Mondragon Unibertsitatea...) eta Eraikuntza eta ekipamendua (Orbea, Kide...). Egitura berri horrek denbora apur bat beharko du gauzatzeko.

Nolanahi ere, egitura soilagoa nahi du Arrasatek egunoroko jardunean erabakiak azkarrago eta eraginkortasun handiagoz hartzeko. Mondragon oso enpresa mota desberdinek osatzen dute, eta desberdintasun hori erabakigarria izatea nahi dute. Horregatik, dibisioak taldearen bizkarrezur izango dira. Mundu zabaleko merkatu globalizatuan hobeto lehiatzea dago egitura aldaketaren atzean; gaur egun, aldenduagoak dauden hainbat enpresa gerturatzeko saioa da, sinergiak sortzeko, eta haien bidez urrutirago eta hobeto iristeko, betiere proiektu osoak, kate osoari erantzuten diotenak, eskaini ahal izateko. Iñigo Uzinek, Elgoibarko Danobat eredugarriaren buru ohiak, enpresari egokia ematen du berrikuntza, fabrikazioa aurreratua, big data eta beste alor abangoardistak funtsezkoak izango dituen Mondragon berria gidatzeko.

2016an ere, hazteko bidean

2015ean korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dela esan zuen atzo Javier Sotilek; «bereziki industria arloan hazi gara. Azken bi urteetan, oso joera positiboa dugu industrian». 2.100 lanpostu baino gehiago sortu direla zehaztu zuen, «horietatik 1.400 gure ingurunean». 2016ari dagokionez, erretiroa hartzera doan gidariak adierazi zuen kudeaketa planeko aurreikuspenak betetzen ari direla, «eta bilakaera hori berresten bada urtearen amaieran enpresa aldagai guztietan hazkundearen bidean jarraituko dela».

Mondragoneko presidente berriak mintzaldi laburra egin zuen lema eman dion kongresuan, baina bere mezuan hitz gakoa aipatu zuen: errentagarritasuna. «Etorkizun hurbilerako bide orri argia dugu. Mondragon indartsua izango da, baldin eta negozio errentagarriak baditu eta kooperatibetan balio kooperatiboak dituzten pertsonak baditu». Mezu argia bazkide guztientzat: autoexijentzia ezeren aurretik emaitza bikainak lor daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.