ERREPIDEEN KUDEAKETA. GIPUZKOAKO BIDESARIAK. Gipuzkoako errepide sare nagusian bidesariak ezartzea onartu dute

Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzorde txostengileak adostutako agiriak EAJren, PSE-EEren eta Hamaikabaten babesa izan du

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Donostia
2010eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Erabiltzen duenak ordain dezala. Ikuspegi horri heldu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Hala, errepideen kudeaketaren inguruan proposamen bat egiteko irailean eratutako batzorde txostengileak erabaki du Gipuzkoako errepide sare nagusian bidesariak jartzea, hau da, «gaur egun soilik zergen bidez finantzatzen diren errepideetan». Horren arabera, egun bidesaririk ez duten errepide batzuetan bidesaria ezartzeko aukerari oniritzia eman diote. Ze errepidetan jarri beharko liratekeen ez dute zehaztu agirian, baina agiri horretatik ondoriozta daiteke N-1, Beasain-Durango errepidea eta A-15 erabiltzeagatik ordaintzea proposatzen dutela. Ordainlekua non jarri ere ez dute esaten, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak esan izan du N-1 errepidearen kasuan Etxegaraten jarriko luketela, eta Beasain-Durangoren kasuan Deskarga portuan.

Hori guztia zehaztea orain Gipuzkoako Diputazioari dagokio: non, nola, zenbat, zeini eta noiz galderei erantzutea, azken batean. Proposamen hori aintzat hartuz, Gipuzkoako Diputazioak foru arau bat egin beharko du, Batzar Nagusietako osoko bilkurak oniritzia eman diezaion. Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatuak esan izan du legegintzaldi hau amaitu aurretik hartu nahi dutela behin betiko erabakia.

Agiriak EAJ, PSE-EE eta Hamaikabaten babesa jaso du, eta PPk eta talde mistoak (Aralar, EB eta Alternatiba) aurka bozkatu dute.

Bidesariak pixkanaka ezarri behar direla nabarmendu dute agirian, prozesuak «dinamikoa» izan behar duela eta 2006/28/CE Europako direktiba aintzat hartu behar duela. Hain zuzen, direktiba horrek N-1, A-8, AP-1 autobidea eta A-15 autobia Europa barneko errepide sarean txertatu ditu, eta horietan kamioientzat kanon bat ezartzea agintzen du. Kanpoko eta bertako kamioien artean bereizketarik egiten ez du uzten. Atzo onartutako agiriak zehazten du direktiba hori «derrigorrean» bete behar dela.

Nork ordaindu, argitu gabe

Bidesarien zenbatekoa ezartzeko irizpide nagusia «arrazionalizazioa» dela dio agiriak, «ingurumen eta ekonomia irizpide iraunkorrak aintzat hartuz erabil daitezen errepideak».

Zenbatekoa ez dute zehaztu, ezta erabiltzaile guztiek ordaindu beharko luketen ere bidesaria edo soilik kamioilariek. Dena den, honako zehaztapen hau egiten du: «Ibilgailu arinei dagokienez, berriki eraiki diren errepideetara edota etorkizunean eraiki daitezkeen errepideetara zabaldu beharko litzateke bidesarien sistema, baita hobekuntza handiak egitekoak diren errepide zaharretara ere».

Erabiltzaileen artean, dena den, egiten du bereizketarik. Hala, bidesarien sistema berriak zergen bidez errepideen finantzaketan parte hartzen duten erabiltzaile gipuzkoarrak eta gainerako erabiltzaileak ezberdindu beharko lituzkeela dio agiriak, «legeek hala egiteko modua ematen duten neurrian». Ohiko beherapenez gain, gipuzkoarrei zerga batzuetan hainbat kenkari aplikatzeko aukera aztertu beharko litzatekeela uste dute agiriaren alde egin dutenek. Hala, errentaren gaineko zerga arintzeko aukera aztertzeko eskatu dute, errepideak erabiltzeagatik ordainsari gisara kontzepturen bat ezarriz «gastua batez bestekoa baino askoz handiagoa bada».

Bestetik, agiriaren arabera, A-8 eta AP-1eko bidesariak «egoera berrira» egokitu beharko lirateke, eta eguneroko erabiltzaileei merkeago utzi, «betiere Bidegiren oreka ekonomiko finantzieroa bermatuta badago». Halaber, errepideen finantzaketatik bildutako diruaren ehuneko bat garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko politikak abian jartzera bideratzeko aukera ere aztertu beharko litzatekeela dio agiriak, «betiere Bidegiren oreka ekonomiko finantzarioa bermatuta badago».

Horren harira, EAJko batzarkide taldeak jakinarazi du bidesarien diru sarreren zati bat garraio publikorako erabiltzea proposatu duela. PSE-EEk esan izan du ez duela bat egiten proposamen horrekin.

Oposizioaren kritikak

Talde mistoko alderdiek -Aralar, EB eta Alternatiba- batzorde txostengileko ondorioak arbuiatu dituzte, «errepideak kudeatzeko eredu ez-iraunkorra eta antzua betikotzen duelako». Euren irudiko, bide azpiegituren zama erabiltzaileen bizkar jarri dute PSE-EEk, EAJk eta Hamaikabatek, eta errepide gehiago eta ibilgailu pribatua sustatzeko apustua egin dute. «Gipuzkoako herritarren mugikortasun arazoei aurre egiteko ez du balio».



Nafarroako eta Gipuzkoako garraio sailburuak bildu dira

Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatu Eneko Goiak eta Nafarroako Gobernuko Garraio kontseilari Laura Albak bilera egin zuten atzo. Bien arteko bilerak ohikoak dira, eta atzo bidesariak izan zituzten hizpide. Bilkuraren ostean, Nafarroako Gobernua bidesarien ezarpenean «diskriminaziorik» gerta ez dadin «begira» egongo dela adierazi zuen Albak. Goiak, bestalde, jakinarazi zuen «orduan-orduan» helaraziko diola Nafarroako Gobernuari bidesarien kudeaketari buruzko informazioa.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan zuenez, ez dute jarriko «legez kanpoko» bidesaririk. Hala, zuzenbidean «oso ongi» oinarrituta egongo direla nabarmendu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.