Erreserba Federalak lasaitasuna ekarri du burtsa merkatuetara

AEBetako interes tasak 0,75 puntu merkatu ditu, eta horrek inbertsioak bultzatu ditu

Miren Garate.
2008ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Apur bat bederen lasaitu dira. Bezperako danbatekoaren ostean, kolore gorria alde batera utzi zuten atzo Europako burtsa nagusiek, eta irabaziekin itxi zuten saioa gehienek. Eta oraingoan ere AEBena izan da errua. Sorpresa latza eman zuen Erreserba Federalak interes tasak %0,75 jaistea erabakita. Ezustean, ustez krisian dagoen ekonomia suspertze aldera hartu omen du erabakia, eta neurri hori bai, egokia iruditu zaie Europako inbertsiogileei.

Inflazioaren arriskua alde batera utzi eta finantza merkatuetako krisiari aurre egiteari eman dio lehentasuna oraingoan AEBetako Erreserba Federalak. Harridura eragin du haren jokabideak. Alde batetik, asko merkatu duelako diruaren prezioa, atzo artean %4,25ean zeuden interesak, orain %3,5ean. 1984. urtetik ez zituen hainbeste jaitsi saio bakar batean. Bestetik, 2001eko irailaren 11ko atentatuak gertatu zirenetik, aurreneko aldia delako Erreserba Federalak ohiko batzar batetik kanpo erabakitzen duena interes tasak jaistea. Berez, urtarrilaren 30ean zen biltzekoa, baina herenegun mundu osoko burtsetan gertatu zena ikusita, nahiago izan zuen neurriak garaiz hartu.

Erreserba Federalak komunikatu baten bidez jakinarazi zuen berria. Ekonomia atzeraldiaren kezka eta arriskuari aurre egiteko asmoz erabaki zuela interesak jaistea zioen han, eta baita merkatuak baretu nahi zituela ere. Eta, atzokoan bederen, lortu zuen. Astelehen beltzaren ondotik, jakin-min handia zegoen asteartean gerta zitekeenaren gainean. Eta jakin-mina are handiagoa zen Wall Streeten kasuan, asteleheneko galeretatik libratu ahal izan baitzuen, AEBetan jaieguna zenez itxita egon zelako herenegun.

Beldurraren beldurrez, artean Erreserba Federalaren asmoak jakin gabe, eguna beheranzko joerarekin hasi zuten; zenbait kasutan, galera handiekin. Baina interes tasen jaitsieraren berri izan ostean, suspertzen joan ziren Europako burtsa nagusiak. Eta irabaziekin amaitu zuten. Bilbao 2000k %1,72 irabazi zuen; Londresko FTSE-100ek %2,90, Espainiako Ibex 35ek %1,69 eta Parisko Cac-ek %2,07; Frankfurteko Dax izan zen galerak eduki zituen bakarra, %0,31 galdu zuen.

AEBetako indizeetan ere beherakada espero baino txikiagoa izan zen. Ireki aurretik jakin zuten han Erreserba Federalak dirua nabarmen merkatu zuela. Hasiera batean uzkur agertu ziren inbertsiogileak. Dow Jones industriala %3,5 galtzen hasi zen, eta Nasdaq teknologikoa %5,8. Alabaina, orduak pasatu ahala konfiantza berreskuratuz joan ziren, eta aparteko galerarik gabe amaitu zuten eguna.



«EUROGUNEA, SALBU». Euroguneko Finantza ministroen mezuak ere lasaitu du ekaitza. «Europako ekonomia salbu dago», esan zuten atzoko bileraren ostean. AEBetako ekonomiaren atzeraldiak Europako ekonomiari ez diola «kontuan hartzeko moduko eraginik» egingo berretsi dute 27 ministroek: «Munduko burtsek egunotan izandako beheraldia kezkatzekoa da, baina ez dugu presazko neurririk hartu behar, EBk orain arteko bideari jarraitu behar dio».

Adituen arabera, ordea, egoera ez da hain erraz etorriko bere onera. Eta datozen egunotan gora-behera handiak izango direla aurreikusten dute. Batez ere AEBetan. Izan ere, hainbat faktorek konfiantzarako baino zalantzarako bide gehiago ematen dute. Esaterako, Erreserba Federalak lau bider jaitsi ditu interesak joan den irailetik, %4,75etik %3,5era.Bestalde, langabezia azken bi urteetako mailarik gorenean dago, %5 inguruan. Era berean, kontuan hartu behar da 2004ko irailetik lehen aldiz AEBetako interes tasak Europako Banku Zentralak ezarritakoak baino baxuagoak direla. Eta euroa inoiz baino sendoago dago dolarrarekiko. Hori kasu batzuetan mesedegarri da AEBentzat, beste batzuetan, aldiz, kaltegarri.

Eta Europan galdera bat da nagusi egun: Europako Banku Zentralak ere Erreserba Federalaren pausoak jarraituko ote ditu? Jean-Claude Trichet EBZko presidentea diruaren prezioa jaistearen aurka agertu da orain artean, inflazioa areagotzeko beldur. Baina, adituen arabera, Erreserba Federalaren erabakiaren ondotik, ez zaio interesak jaistea beste biderik geratzen.



inazio uriarte Mercagentes Credit Agricoleko ekonomialaria

«Burtsen berehaldiak luze jotzen badu, ekonomia errealari eragingo dio»

estitxu elduaien

Donostia

Herenegungo astelehen beltzaren ostean merkatuei adi zegoen atzo Inazio Uriarte Mercagentes Credit Agricoleko ekonomialaria. Fed AEBetako Erreserba Federalaren erabakiaren ondotik merkatuak lasaitu egingo direlakoan dago, baina zer gertatuko den jakiterik ez dagoela onartu du: «Gorako bidea tinkoa bada, konfiantza berreskuratuko dute inbertsiogileek, baina erdipurdika jarraituz gero, ekonomia txarto dabilen seinale izango da».

Adituak esan eta esan ari dira: burtsetan nagusitu den izua justifikatzeko moduko datu ekonomiko kezkagarririk ez dago oraindik. Zergatik nagusitu da, hortaz, beldurra?

Burtsen kontua psikologikoa da. Zure ondokoak dirurik inbertitzen ez duela ikusten baduzu, zuk ere ez duzu inbertituko. Ondokoak pausoa eman arte egoten gara zain normalean, eta gero denok mugimendu guztiak batera egiten ditugu. Bestalde, erabakitzeko sistema ere aldatu egin da. Orain programa informatiko bidez egiten da, automatikoki. Gertaera edo datu batzuen arabera ematen dute saltzeko edo erosteko gomendioa sistema informatibo horiek, eta denek aholku bertsuak ematen dituzte. Datu edo gertaeraren bat positiboa dela uste dutenean, erosteko aholkatzen dute, eta txarra dela uste badute, saltzeko. Adibidez, herenegun, Ibex-ak hainbeste puntu galdu dituela jakin zenean, sistema automatikoek saltzeko aholkua eman zieten inbertsiogileei, guztiei.Erreserba Federalak interes tasak jaitsi ostean, erosteko gomendioa eman dute. Sistema guztiek inbertsiogile guztiei aholku bera ematen diotenez, dena batera mugitzen da.

Hortaz, AEBetako ekonomia krisiaz hitz egiterik ez dago oraindik?

Datu guztiz kezkagarririk ez da egon. Erne egoteko moduko datuak egon dira; adibidez, azken hilabeteko langabezia espero baino txarragoa izan da, baina hilabete bateko datua soilik izan da. Oraingo datuak kontuan hartuta, ekonomia ez dago hain gaizki. Suma daiteke geldialdi bat etorriko dela. Baina AEBetan neurriak hartzen askoz azkarragoak dira. Zerbait sumatu orduko hartzen dituzte erabakiak, eta hor kokatzen dugu AEBetako Erreserba Federalakinteres tasak jaisteko hartutako erabakia. Baina oraindik ez da gertatu krisirik.

George W. Bushek iragarritako neurriek ez dute, ordea, merkatua lasaitzeko balio izan. Kontrako efektua eragin dute. Zergatik?

Iaz jada subprimeen krisiari aurre egiteko neurri batzuk iragarri zituen AEBetako Gobernuak. Orain, ordea, ekonomia osoa suspertzeko neurriak iragarri ditu Bushek. Hori eginda, lehendakariak onartu egin du AEBetako ekonomia gaizki dabilela, eta horrek baieztatu egin zituen inbertsiogileen beldurrak. Dena den, kontu teknikoek ere eragin zuten astelehenekoa, indize askoren gaineko deribatuen epea amaitu zelako.

Burtsen kolpe horrek ekonomia errealari eragiten dio?

Beti gauza bera gertatzen da. Beheraldia astebeteko kontua bada, ekonomia errealari ez dio eragingo. Baina jaitsiera luzea bada, alegia, bi urte inguru irauten badu (orain dela sei-zazpi urte hala gertatu zen), orduan bai, eragingo dio. Jendeak bere dirua gutxitu egin dela ikusiko du, eta horrek zuzenean eragingo dio ekonomiari. Eta hori bakarrik ez, konfiantza ere desagertuko da, jendeak ekonomiaren egoera txarra dela ikusiko baitu. Egoerari buelta azkar ematen bazaio, beldur kontua dela soilik esan ahal izango dugu, baina luzerako bada, beste zerbait ere badela erakutsiko du: ekonomia nahiko txarto dagoela erakutsiko dute. Espainian, esaterako, Ibex-a 12.000tik behera berriz jaisten bada ekonomia bera benetan okerrera hasiko dela esan nahiko du.

Eta zer espero behar da?

Hain luzea ez dela izango uste dut. Egoera lasaituko delakoan nago, eta ekonomia hain gaizki ez dagoela ikusiko dela. Baina, beno, hori nire ustea besterik ez da. Zer gertatzen den ikusi egin behar da.

Inbertsiogileen konfiantza berreskuratzea izan daiteke gakoa?

Beti berdin gertatzen da: burtsak jaisten hasten direnean galtzen da konfiantza, eta burtsak gora hasten direnean berreskuratu egiten da. Datozen egunotan burtsak gora hasten badira, berehala berreskuratuko da konfiantza, baina goranzko joerak indartsua beharko du. Nahikoa izango da AEBetako ekonomiaren datu positibo bat agertu eta egoera hain larria ez dela sinesteko. Baina justu kontrakoa ere gerta daiteke: gorako bidea oso apala bada eta erdipurdika hasten bada, konfiantza ez da berreskuratuko eta mesfidantza areagotuko da. Inbertitzeko dirua badago, baina jendeak burtsak gorako bidean ikusi behar ditu inbertitzeko. Dena lotuta dago. Gizakiok nahiko aldakorrak gara, eta burtsa gizakien araberakoa denez, ez dago jakiterik.

Erreserba Federalak hartu ditu neurriak, baina EBko Finantza ministroek beharrik ez dagoela esan dute. Horrelako kasuetan agintariek esku hartzea beharrezkoa al da?

Europako ekonomia oraindik ondo doa, eta, hortaz, ez du neurririk behar. Egoera epe luzera okertzen bada, EBZk interes tasak jaitsi egin beharko ditu. Oraingoz, ez, eta gerora ere seguruenik ez du egingo, baina agian egin egin beharko du. Arazo bat du EBZk, halere: agindu bat duela bakarrik: inflazioa kontrolatzea. AEBetan, ostera, Erreserba Federalakbi zeregin ditu: inflazioa kontrolatzea bai, baina ekonomiaren hazkundea zaintzea ere bai. Nire ustez EBZk ere hala egin beharko luke, inflazioa bakarrik lehenetsi beharrean, ekonomiaren hazkundea ere kontuan hartu beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.