«Erresistentzia eraikitzen hasi beharra daukagu»

Amaiurreko alderdiek gaurko manifestazioan parte hartzeko eskatu diete «herria ezkerretik eratu nahi dutenei»

Erredakzioa
Bilbo
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
«Lan erreformak ez du enplegurik sortuko, patronalaren mozkinak areagotzeko orain arte ezarritako malgutasunak eta kaleratzeak merkatzeak egin ez duten moduan». Ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk gaitzetsi egin dituzte Espainiako Gobernuak indarrean jarritako murrizketak, eta ohartarazi dute Mariano Raxoi presidenteak neurri gehiago hartzeko asmoa duela. Hala, mobilizatzeko eskatu diete «Euskal Herria ezkerretik eraiki» nahi duten guztiei. «Langileen duintasunaren kontrako erasoei aurre egiteko, erresistentzia eraikitzen hasi beharra daukagu».

Hain zuzen, lau alderdiek antolatuta, manifestazioak izango dira gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku: Eraldaketa sozialaren alde da aukeratutako leloa. 17:30ean hasiko dira Bilboko eta Donostiako protestak, La Casillatik eta Bulebarretik. 17:00etan izango da Iruñekoa,Gaztelu plazatik hasita, eta 19:00etan Gasteizkoa, Bilbo plazatik.

Atzo, artean Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformaren berri izan gabe, agerraldia egin zuten lau alderdietako ordezkariek. Amaia Agirresarobe Alternatibako ordezkariaren esanetan, martxoaren 25etik aurrera etorriko dira Espainiako Gobernuaren neurri berriak, Andaluziako hauteskundeak orduan izango direlako. «Merkatuen, bankuen eta patronalaren aginduetara inolako konplexurik gabe jokatu ahal izango du orduan».

«Pareko erantzuna»

Manifestazioko leloa aintzat hartuta, «aldaketa gure esku» dagoela zehaztu zuen. Haren arabera, gainera, Euskal Herriko langileek ez dute geldirik egoteko asmorik Madriletik zuzendu eta Lakuak «zintzo» berregiten dituen murrizketa aurrean. Eta hala erakutsi zuten herenegun, erantzun handia izan zuelako ELAk, LABek eta EILASek sektore publikoan antolatutako lau orduko lanuzteak. Grebarekin bat egin zuten langileei nahiz gainerako guztiei eskatu diete gaurko manifestazioetan parte hartzeko, «langileen duintasunaren kontrako erasoen aurka elkarrekin erantzun dezagun».

Gaurko manifestazioez gain, ostiralerako beste bat antolatu dute ezker abertzaleak, Aralarrek, Alternatibak eta EAk, Bizkaiko Ezkerraldean. Era berean, hainbat sindikatuk eta eragile sozialek datorren larunbaterako antolatu duten manifestazioa babestu dute, «Euskal Herriak eman behar duen erantzunak pairatzen ari garen erasoarekin proportzionala izan behar duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.