Bizkaiko bere afiliatuei erresistentzia kutxatik ordaindu dien diruaren %2 lurralde horretako Ogasunari ordainduko dio ELAk, sindikatuko iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez. Erresistentzia kutxa errenta zerga ordaintzetik salbuetsita zegoela interpretatu du orain arte sindikatuak, eta horregatik ez dio zerga atxikipenik ezarri. Baina Bizkaiko Ogasunak dio lanaren errentatzat hartu behar dela erresistentzia kutxa, eta, hortaz, behartuta dagoela errenta zerga ordaintzera. "Interpretazio aldaketa" izan dela dio ELAk, eta onartu egiten duela.
Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan zer gertatuko den ez diote argitu BERRIAri ELAko iturriek.
2014tik 2017ra Bizkaian ordaindutakoari ezarri beharko die atxikipena sindikatuak, aurreko urteetako ordainketak erreklamatzeko epea amaitu baita.
Ez da diru gutxi izango, batez ere kontuan hartuta Bizkaiko zahar etxeetako langileek 320 eguneko greba egin dutela beren lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Sektore horretan ELA da sindikatu nagusia, eta ehunka langilek dirua jaso dute erresistentzia kutxatik greban egon diren aldian.
Atzo, Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Jose Maria Iruarrizaga Ogasun diputatuak ukatu egin zuen arauaren interpretazioa aldatu egin dutela, baina ez zuen azaldu zergatik orain arte ez dieten eskatu sindikatuei erresistentzia kutxaren ordainketek errenta zerga pagatzea. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k bultzada politikoa ikusi diote aldundiaren eskaerari, hau da, Unai Rementeriaren gobernuak ELA zigortu nahi izan duela zahar etxeetako grebarengatik. Halakorik ez dela izan aldarrikatu zuen Iruarrizagak.
ELAk ere ziurtatu du orain arte ez diotela inoiz eskatu erresistentzia kutxaren truke zergarik pagatzea. Adolfo Muñoz idazkari nagusiak gogorarazi izan du 38 urtez erabili dutela tresna hori grebalariei laguntzeko. Sindikatuko ia 100.000 kideek hilero ordaintzen duten kuotaren laurden bat doa zeregin horretara.
«Gu erabat gardenak gara. Ez dugu ezer ezkutatzeko. Lehenago eskatu izan baligute, berdin egingo genuen. Ez diogu ezer betetzeari utzi, eta ez dugu zigorrik merezi», adierazi zuen Muñozek, Euskadi Irratian.
LABen alegazioak
Beste estrategia bat jarraituko du LABek. Hedabideetara igorritako agirian, sindikatu abertzaleak iragarri du alegazioak aurkeztu dizkiola Bizkaiko Ogasunaren eskaerari. Izan ere, LABek aldarrikatu du berea ez dela erresistentzia kutxa bat, borroka kutxa bat baizik. «Garrantzitsua da kontzeptu biak bereiztea. Borroka kutxak ez du grebako denbora tartean langileak jasotzeari utziko dion soldata ordezkatzeko helbururik. Bere helburua da, greba tartean langileak izango duen kalte ekonomikoa dena delakoa izanda ere, lkangileek oinarrizko beharrizanak asetzeko minimoa izatea. Ez da inolaz helburua soldata ordeztea, gutxieneko berme bat izatea baizik, maila asistentzialean».
2012an sortu zuen LABek bere borroka kutxa.