Erreskate funts iraunkorrari buruzko epaia kaleratuko dute gaur Alemanian

Portugalek urtebete gehiago izango du defizita murrizteko, Bruselaren eta NDFren azterketaren ondotik

Erredakzioa
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Euroari egonkortasuna bueltatzeko prozesuan gaurko eguna mugarri izatea espero da. Bi hilabete luzeren ondoren, Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak erreskate funts iraunkorra (ESM) legezkoa iruditzen zaion edo ez jakinaraziko du. Era berean, Europako Batzordeak banku batasuna lortzeko prestatu duen bide orriaren berri emango du Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak. Azkenik, Herbehereetako herritarrek gobernu berria aukeratuko dute, orain artekoa erreskate eta laguntza politikarekin oso kritiko izan eta gero.

Arreta handiena Alemaniako hitzorduak izango du. Azken orduetan auzitegiaren erabakia atzeratzen saiatu da legebiltzarkide kontserbadore bat, EBZk zorra erosteko iragarri duen programa berria epaiaren aurretik aintzat har dezaten. Haatik, aurreikusitako egunari eutsiko diote epaileek. Alemaniako 37.000 herritarrek sinatu zuten erreskate funtsaren kontrako helegitea, kontrol demokratikoari ihes egingo zaiola iritzita. Epaileek ez badute helegitea onartzen, ESM urrian sartuko da indarrean, eta EBn arazoak dituzten herrialdeei laguntzeko tresna izango da aurrera begira.

Europako gobernuburuek hitzartu dituzten azken aldaketen harira, arazoak dituzten bankuei laguntza zuzena emateko gaitasuna izango du ESMk. Horretarako, ordea, Europako banku ikuskaritza sortu eta banku batasun baterako urratsak egin beharko dira. Horixe da, hain zuzen ere, Durao Barrosok gaur egingo duen hitzaldiaren parterik garrantzitsuena. 2014. urtetik aurrera EBko 6.000 finantza erakunderen kontrola EBZren esku egotea proposatuko du Bruselak.

Portugalentzat denbora

Portugalek beste urtebete izango du defizit helburuak betetzeko. Europako Batzordek baimena eman dio aurten defizita %5ean uzteko, datorren urtean %4,5era jaitsi beharko du, eta 2014an, %2,5era. Joan den ostiralean langile guztien soldata %7 jaitsaraziko duen kotizazio igoera onartu zuen Portugalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.