Mariano Raxoik herenegun hitz egin zuen, baina ez zuen erantzun; atzo, berriz, Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen erreskatearen aukera aztertu egingo duela. Europako Banku Zentralak (EBZ) aukera bakarra eskaini zien herenegun Espainiari eta Italiari, EBZren laguntza, EBZk Espainiaren eta Italiaren zorra erostea, nahi badute: EFSF behin-behineko erreskate funtsari erreskatea eskatzea eta erreskatearen truke baldintza makroekonomikoak betetzea. EBZk esan zuen «ohiz kanpoko neurriak» aztertuko dituela, diru politiken eraginkortasuna aztertzeko. Neurriak datozen asteetan erabakitzea espero da. Raxoi neurri horien zain egongo da, erreskatea eskatu edo ez erabaki aurretik.
Bankuentzako erreskatea eskatu aurreko bidea ere antzekoa izan zen. Espainiako Gobernuak behin eta berriro ukatu zuen erreskatea eskatuko zuela, baina azkenean erreskatera jo zuen.
Zazpi hilabeteko agintaldiaren balantzea egin zuen atzo Raxoik, Ministroen Kontseiluaren ondoren. Kargua hartu zuenetik lehen agerraldia izan zuen Ministroen Kontseilua eta gero. Aintzat hartu behar da kontseiluan onartu direla zerga igoera eta eskubide eta zerbitzu murrizketa guztiak.
Ez du mezua aldatu. Defizita murriztea du helburu nagusia, eta horretarako hartutako neurri guztiak goraipatu zituen atzo. «Ez genuen agindu mirariak egingo genituela», esan zuen, «baina gauzak ondo egiten direnean emaitzak iristen dira». Ez zuen zehaztu emaitzak zein diren.
Ohi bezala, ez zituen zehaztu datozen erabakiak: «Gobernuak badaki nora doan, badaki zer egin behar duen. Lan handia da, baina ez ezinezkoa». Eman zuen zehaztasun bakarra izan zen ez daukala 2013an pentsioak jaisteko «asmorik».
Erreskatea
Raxoik ez du baztertu EFSF behin behineko erreskate funtsari erreskatea eskatzea: «Oraindik ez dut erabakirik hartu». Eskatu edo ez erabaki aurretik, baina, EBZk herenegun iragarritako ohiz kanpoko neurriak ezagutu nahi ditu, «zer eragin duten, zer lortu nahi duten eta ea egokiak diren». Baldintzak, alegia. Asteetako kontua izango da. Hala ere, Mario Draghi EBZko presidenteak argi eta garbi utzi zuen herenegun: herrialdeek aurrena erreskatea eskatu behar dute EBZk herrialdeen zorra erostea nahi badute, eta ez die lagunduko musu truk.
Espainiako Gobernuko presidenteak herenegungo mezuari eutsi zion atzo ere: EBZren erabakiak «onuragarriak» dira. Besteak beste, herrialdeen zorra erosteko prest dagoelako. Bai, baina herrialdeek erreskatea eskatu eta erreskatearen truke ezarritako baldintzak bete eta gero. Raxoik esan zuenEBZ zorra erosteko prest egotea «berria» dela, baina ez da hala, EBZk erosi izan baitu herrialdeen zorra.
Erreskatearen kontuan «espainiarrei komeni zaiena» egingo duela esan zuen atzo Raxoik. Eta bankuentzako erreskatean ere «espainiarrentzako komenigarriena» egin zuela, ez Europak agindutakoa.
Orain arte egindako bidea eta finantza merkatuen egungo egoera ikusita, Espainiak oso zaila izango du erreskatea saihestea. Raxoik atzo zehaztu zuen 2013an aurten baino 8.000 milioi euro gehiago ordainduko dituztela zorraren interesetan.
Defizita eta hazkundea
Defizita gutxitzea da Espainiako Gobernuaren helburu bakarra. Raxoik atzo hamaika aldiz esan zuenez, «jasotako dirua baino gehiago ez gastatzea». Haren esanetan, «ezin da besterik egin, ezin duzu gastatu ez baduzu diru sarrerarik eta dirua uzten ez badizute». Raxoik, baina, ez zituen aipatu ere egin diru sarrerak handitzeko aukerak: zerga iruzurraren kontrako borroka, ondare zerga berreskuratzea, aberatsei zergak igotzea...
Espainiako Gobernuak hainbat zerga igoera eta murrizketa onartu ditu zazpi hilabetean. Raxoirentzat neurri horiek «eztabaidagarriak» dira, baina ez da «eztabaidagarria gastua murrizteko eta diru sarrera handitzeko premia gorria».
Defizita gutxituta eta murrizketak eginda hazkundea ere bultzatu nahi du, horrek atzeraldia eragiten duela agerian geratu bada ere. Raxoik nabarmendu zuen lehiakortasun falta dela Espainiako ekonomiaren gabezia nagusietakoa. Lehiakortasuna hobetzeko neurrietan lan erreforma baino ez zuen aipatu atzo.
Lan erreforma
Pentsioak jaisteari buruz esan zuen moduan, ez dauka asmorik lan erreforma berri bat egiteko, «egindakoa tresna zoragarria baita etorkizunerako eta funtzionatzen ari baita». Raxoiren arabera, lan erreformak saihestu egingo du enpresek krisi garaiei langileak kaleratuz aurre egitea: «Egoera hobetutakoan lana sortzeko eta egoera txarretan lanpostuak ez suntsitzeko tresna izango da». Oraingoz, gehitu egin dira langileak kaleratzeko erregulazio dosierrak, bai Hego Euskal Herrian, bai Espainian.
Pentsioak
«Ez daukat asmorik datorren urtean pentsioak jaisteko, ukituko nukeen azken diru saila litzateke», erantzun zion Raxoik kazetari bati. Horrek ez du esan nahi pentsioak jaitsiko ez dituenik. Gauza bera esan zuen, esaterako, balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) igotzeari buruz, eta azkenean igo egin du. Gainera, Europako Batzordeak gomendatuta, Espainiako Gobernuak azkartu egingo du erretiro adin ofiziala 65 urtetik 67ra atzeratzeko prozesua.
400 euroko laguntza
Berez, abuztuaren 15ean amaituko da langabezia saria, eta diru laguntzak amaitu dituztenentzako 400 euroko laguntza. Espainiako Gobernuak, beraz, laguntzarekin zer egin erabaki behar du, luzatu edo bertan behera utzi. Bada Raxoik atzo onartu zuen oraindik ez dakitela zer egingo duten laguntzarekin.
Hego Euskal Herrian langabezia saria eta laguntza amaitzen zaien herritar gehienek diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dute.
Espainian, 400 euroko laguntza bertan behera utziz gero, 600.000 langabe geratuko dira inolako laguntzarik gabe, UGT sindikatuaren arabera.
Katalunia
Raxoik uko egin zion Kataluniaren zerga itunaren eskaerari buruzko galderari erantzutea. Espainiako Gobernuko presidenteak erantzun zuen Kataluniarena ez dela finantzaketa eredu arazoa, «diru sarreren jaitsierarena baizik».
Krisia eurogunean. Espainia
Erreskatea aztertuko du
Espainiako Gobernuak EBZren ohiz kanpoko neurriak ezagutu eta gero erabakiko du erreskatea eskatu edo ez Raxoik ez du norabidea aldatuko eta defizita murriztea izango da helburu nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu