Bi hilabeteko etenaren ondoren itzuli dira Atenasera greziarrek inoiz beren kaleetan ikusi nahiko ez lituzketen turistak: Europako Batasunak, Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak osatutako troikako ordezkariekin lehen bilera egin zuen atzo Greziako Gobernu berriak. Bigarren erreskatearen baldintzak nola betetzen ari diren jakitera joan dira troikakoak. Baldintza horiek biguntzeko asmoa zuen Greziako Gobernuak, baina ikusita ezezkoarekin topatzera zihoala, amore eman du. «Erreformak bizkortu beharraz» mintzatzen da orain Antonis Samaras lehen ministroa.
Atenasen informazioa bildu ondoren, troikako kideak hilaren amaieran itzuliko dira eta orduan hasiko dituzte negoziaketa zorrotzak. Abuztuaren amaieran jakinaraziko dute beren txostena, etaharen arabera erabakiko dute EBko estatuek 31.500 milioi euroko maileguak ematen ote dizkieten. Diru hori gabe zaila izango du Greziak pentsioak eta soldata publikoak pagatzeko, eta administrazioari eusteko. Troikaren baiezkoa, ordea, ez da batere ziurra, Atenasko agintariek beraiek onartu dutelako erreskatearen zenbait baldintza ez daudela betetzen ari. «Arlo batzuetan programa ez doa bide onean, eta gure hartzekodunei ezin diegu ezer gehiago eskatu bidea zuzendu arte», aitortu zuen atzo Giannis Sturnaras Greziako Finantza ministro berriak, kargua hartu eta ordu gutxira. Datorren astelehenean euroguneko beste finantza ministroen errieta espero duela onartu du Sturnarasek.
Bigarren erreskatearen baldintzen arabera, Greziak beste 15.000 langile publiko kaleratu behar ditu eta gastu publikoa beste 13.500 milioi euroan gutxitu. Baina Antonis Samaras kontserbadorea buru duen koalizio gobernuak doi-doi kontrako asmoak zituen: bost urte daramatza Greziak atzeraldian, ia lau lagunetik bat langabezian dago etapobrezia asko hedatu denez, austeritate politika «jasanezinari» amaiera emateko ordua dela uste du. Samarasek eta bere aliatuek —PASOK sozialdemokrata eta Dimar ezkerreko taldea— eskatu nahi zuten langile publikoen kaleratzea etetea, zenbait zerga jaistea, pobreei eta langabeei laguntza handiagoak ematea, eta beste bi urte gehiago izatea defizita %2ra jaisteko. Trukean, erritmo ezin motelagoan doazen pribatizazioak bizkortzea eskaini dute. Samarasek gaur aurkeztuko du bere gobernu programa Greziako Legebiltzarrean.
Baina Atenasek pareta batekin egin du topo. «Ez gaude negoziatzeko edo birnegoziatzeko aldartearekin», aldarrikatu du Christine Lagarde NDFko zuzendariak telebista batean. Antzeko adierazpenak egin ditu azken asteotan Alemaniako Gobernuak. Ikusteke dago jarrera malguagoa erakusten ote duen François Hollande Frantziako presidenteak, baina kasu honetan zailagoa izango zaio Angela Merkelen nahia eragoztea, Greziak behin eta berriro hautsi dituelako jarri zitzaizkion baldintzak eta epeak. Besteak beste, oso atzeratuta dago zerga administrazioaren berregituraketa, eta horren ondorioz zerga ihesa oso hedatua dago eta bilketa, atzeraldiak bultzatuta, uste baino nabarmen txikiagoa izaten ari da.
Krisia eurogunean
Erreskatea biguntzeko asmoari uko egin dio Greziak
Atenasek aitortu du ez dela ari betetzen Europari agindutako programaren atal batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu